maldan gora abiatzeko beroa egiten bazuen ere, atzo ere hernaniar asko bildu zen Santa Barbarako tontorrean, San Inazio eguna ospatzera. Diana eta bertsolariek piztu zuten festa goizean, eta hamaiketakoa egiteko garaia iritsi ahala, jendez betetzen hasi zen tontorra. Eztarria freskatu eta mokadutxo bat janda, ermitara igo ziren asko: batzuk meza entzutera, eta besteak Rezola, Gaztelumendi eta Pagolaren bertsoekin gozatzera.
Herri kirol erakustaldia,
eguerdian
Eguneko hitzordu nagusia 13:00etan hasi zen: herri kirol festa. Lehendabizi, Jon Elutxeta eta Suharri Paolla aritu ziren 50 kiloko harria altxatzen. Garaipena, Elutxetarentzat izan zen atzo, Paollak baino lau altxaldi gehiago eginda: 36 Elutxetak, 32 Paollak. Ondoren, Larrañaga eta Paollatarren txikiena aritu ziren lokotxak biltzen; kasu honetan, gutxigatik azkakarrena, Larrañaga izan zen. Herriko gazteen erreleboa Azkonobieta eta eta Minerrek hartu zuten, txingekin. 20na plaza zeinek azkarrago egin aritu ziren, eta azken esprinean, Azkonobieta izan zen garaile. Azkenik, aizkorako lehia Larra eta Arretxek hautsi zuten, Paolla eta Larrabideri nagusituta. Bazkarian sabela bapo bete, eta arratsaldean segida izan zuen festak Santa Barbaran. Toka txapelketa jokatu zuten heldu zein gazteek, iluntzera bitartean.