Natura, aluminioz marraztua

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 30a, 02:00

Erakusketa jarri du Aitor Ruiz de Egino hernaniarrak Donostiako Okendo kultur etxean: 20 eskultura eta 24 pintura, aluminioz eginak.

Aluminioz egindako es­kul­tura eta pinturak jarri ditu Aitor Ruiz de Eginok Donostiako Okendo kultur etxean, eta euskal artistek egin duten aluminiozko erakusketa haundiena dela adierazi zuten, joan den asteazkenean, erakusketa aurkeztu zutenean. «Berritasun hori ekarri digu Ruiz de Eginok: aluminioz egindako eskulturak, eta pinturak...» hori adierazi zuen Jon Etxezarraga, Okendo kultur etxeko zuzendariak, aurkezpen ekitaldian. 44 obra jarri dituzte erakusketan, eta abuztuaren 24ra bitartean egongo dira bertan, goiz eta arratsalde: astelehenetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:30-20:00.

Hernani: natura eta industria
Ruiz de Eginok 6 urte daramazki buru-belarri eskultura eta pintura munduan, betidanik gustatu zaion kontua baldin bada ere. Natura marrazten du, animaliak eta pertsonak irudikatzen ditu, eta industriako materialak erabiltzen ditu horretarako. «Naturak eta industriak osatzen dute nere lana; hori baita Her­nani, azken batean: natura eta industria. Naturari itxura ematen diot, nere begiradatik: animaliak eta pertsonak, mendiarekin harremanetan... materialak berriz, in­dustrialak dira: aluminioa (oraingoan), altzairua, burnia...». Ruiz de Eginoren lanak begi bistakoak dira, estilo aldetik. Irudiak ez dira definituak, eta ikusleak parte haundi bat jarri behar dio, bere imaginaziotik. Gero eta eskaera gehiago egiten dizkiote hernaniarrari, adibidez, Do­nostiako hipodromoko sari ba­tzuk eginak ditu, orain gutxi. Errapia arte-taldea ere go­goan izan du Ruiz de Egi­nok, Hernaniko 20 bat artista biltzen dituena. Zi­kuzulotik izena ere hortik dator, Ziku­ña­gako Zikuzulo lokalean egin­dako lanak baitira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!