ongi-etorria jaso zuten atzo Done Jakue bidea egiten ari diren 40 lagunek, Hernanin. Irundik atera eta Harora bideko ibilaldia egiten ari dira, eta atzo pasa ziren Hernanitik. Ibilbidea Santiago Bidearen Lagunen Elkarteak antolatu du eta helburua da Santiago Bideko barruko bidea berreskuratzea. Erromes taldeak asteazkenean hasi zuen ibilbidea Irundik, eta egun horretan Astigarragara iritsi ziren. Atzo Astigarragatik Andoainerako bidea zuten egitekoa, eta tartean, Hernanitik pasa ziren.
Goizeko 09:30ak aldera iritsi ziren Plazara, eta 10:00etan, Udaleko Turismo teknikariak ongi-etorria egin zien. Ondoren, San Joan Bataiatzailearen parroki aurrean argazkia atera, eta Aperribai parrokoak elizaren inguruan eman zizkien azalpenak entzun zituzten. Azalpenak entzunda, Pleno aretoan elkartu ziren, eta bertan, Luis Intxauspe alkateak egin zien harrera: «Hernaniko Udalak bere babesa eman nahi dizue barruko bidea berreskuratzeko egiten ari zareten ahalegin honetan, ongi-etorri».
Ekitaldi bukaeran, erromes taldeak Santiago bideko anagrama utzi zuen Udalean, eta Hernaniko Udalak oroigarri bana eman zien, herria gogoratu zezaten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!