Irati Sarasua Arabaolaza
Nola hasi zen magiaren bidea zure bizitzan?
Tabernari baten semea naiz, eta taberna batean bizitzaren gauza onak eta ez hain onak ikasten direla gauza jakina da. Tabernariaren semea nintzela jakinik, bezero batzuek sasi-magia egiten zuten. Egun batean, 9 urte inguru nituenean, tabernara mago bat azaldu zen eta honek benetazko magia erakustaldi txiki bat egin zidan eta liluratuta utzi ninduen, hori ikasteko beharra sentitu nuen.
Garai horretan mago bakarra ezagutzen nuen telebistan, bakarra agertzen zelako, eta niretzako magia izugarria zen, baina ez nekien ikasten zenik ere.
Gaztaroan ideia bera zenuen buruan dirudienez...
Bizipen hori nire buruan geratu zen eta gaztaroan tabernan ikasitako lauzpabost trikimailu egiten nituen. Koadrilako mago `pelma´ nintzen, informala. Afari guztietan teknika berberak egiten nituen, baina aurkezpenak aldatuta.
Egun batean, 20 urte ingururekin Igeldoko sagardotegi batean lagun batek magia egitera animatu ninduen, eta betiko magia egiten hasi nintzen. Halako batean sagardotegiko bezeroak nire ingurura hurbildu ziren eta gau magikoa pasa genuen, ordubete inguruz guztiak txaloka aritu ziren. Amaitu nuenean bezero bat gerturatu zitzaidan etxean magia liburu bat zuela eta nahi nuenean bertatik pasa eta eman egingo zidala esanaz. Ni izugarri harritu nintzen, magia niretzako hobby bat zelako. Gau osoa urduri pasa nuen, esandakoari bueltaka eta gaupasa egin ondoren bere etxeko atarira joan nintzen liburuaren bila. Liburu handi batekin jaitsi zen etxetik, harrigarria izan zen.
Gainera istorio berezia du liburu horrek. Idazlea Patrick Page izan zen, magia liburuak merkatuan saldu zituen lehenengoa izan zen. Beste guztiak magoen artean saltzen ziren baina honek merkatura zabaldu zituen eta horregatik jazarpen izugarria jasan zuen.
Mago euskaldunen zerrenda laburra da...
Nik ez dut mago euskaldunik ezagutu. Nire garain bazeuden euskaldunak izan eta saioak gazteleraz egiten zituztenak, baina euskeraz egiten zuenik ez. Nik zortea izan nuen, hasi bezain laster pailazoek fitxatu ninduten eta Euskal Telebistan agertzen hasi nintzen. Alde batetik ona izan zen, baina hain ona ez den zerbait ere baduela uste dut; azken finean telebista asko jan eta gutxi ematen duen aberea da-eta. Magia egiteko ez zait gehiegi gustatzen telebista. Alde ona zuen zuzenean egiten genuelako eta nire lekua antzokiak direlako. Grabatzeko momentuan nire gune naturalean sentitzen nintzen, baina bertan egindako magia ondoren milaka pertsonek ikusten zuten eta neurri handi batean magia erretzen zen. Zerbait errepikatu nahi duzunean ezin duzu egin telebistan jende askok ikusi duelako eta horrek zaildu egiten du lana. Baina egia da jendeak ni nor nintzen jakin zuela telebistari esker eta herritarren maitasuna izugarri nabaritu nuela.
Zer da zure lanetik gehien
gustatzen zaizuna?
Ikuskizun guztiak ezberdinak direla batetik, eta bestetik, jendea liluratzea lortzen dugula. Batez ere, ikuslegoaren adinak gora egiten duen heinean.
Normalean egiten ditudan saioetan haurrak eta helduak egoten dira. Horiek euren artean oso ondo moldatzen dira, azkenean helduak direlako umeak bideratzen dituztenak.
Haurrei asko zor diet, baina egia da umeak askotan ez direla gauza gehienetaz ohartzen. Umeek arreta 20-25 minutuz izaten dute nik esaten dudan horretan, horren ondoren asko oharkabetu egiten dira.
Ni agian haurren-mago moduan ezagutzen nau jendeak eta hau kontraesan bat da. Ez dago umeentzako magiarik, ez da existitzen. Magiak logika apurtzearekin jolasten du, nik egiten dudan magia bihotzera doa. Logika apurtzeko ikuslegoak logika landuta izan behar du eta umeek oraindik ez dute izaten, 5-6 urterekin hasten dira lantzen eta hortik abiatuta oso zaila da magia saio batean haurrek magia bere osotasunean ulertzea.