HERNANIKO pelotariek bi torneotako partidu garrantzitsuak izango dituzte datozen egunetan: Villabonako torneoa eta Buruntzaldeako Torneoa.
Partidu oso berdindua espero da Villabonan
Iñaki Esnal pelotari hernaniarrak Billabonako torneoko finala jokatuko du gaur, arratsaldeko 18:00etan. Atzelaria lasartearra du, Mikel Elola, eta aurrean Lizaso eta Altuna bikotea izango dute. Finala oso berdindua espero da, lau pelotariak maila oso tankerakoa baitute. Esnalek eta Elolak finalerako pasea ondorengo partiduak irabazita eskuratu dute: final laurdenetan, Insausti eta Mintegiren kontra nagusitu ziren, eta finalerdietan Gereta eta Irurruziagaren kontra.
Joan den urtean torneo bera irabazi zuen pelotari hernaniarrak, eta gaurko helburua etxera bigarren txapelarekin itzultzea izango da.
Buruntzaldeako finalerdiak, larunbat eta astelehenean
Buruntzaldeako torneoa ere azken txanpan da, eta datozen egunetan jokatuko dira finalerdietako partiduak: larunbatean eta astelehenean. Larunbatean jubenil eta senior mailakoak jokatuko dira, 11:30etan, kiroldegian.
Jubeniletan, aurrez aurre Hernaniko bi bikote ariko dira: Urkizu eta Etxegoien batetik, eta Leonet eta Garcia bestetik. Seniorretan ere, Hernanik izango du presentzia: Ojuel eta Aizpitarte hernaniarrek Antiguoko Baez II eta Ortiz de Urbinaren kontra jokatuko dute.
Azkenik, astelehenean kadeteetako beste bi partidu jokatuko dira, 11:00etan hasita. Batetik, Usurbilgo Ibargoien eta Telleriak jokatuko dute, Lasarteko Arteaga eta Rekondoren kontra; eta bestetik, Hernaniko Noble eta Altunak, Antiguoko Alvarez eta Arangunen kontra. Bada aukera, pelotazalearentzat.