urtetik urtera indar gehiago hartzen ari den festa da Lizeagan egiten dutena, Madalena eguna ospatzeko. Guztia prest dute iganderako, eta eguraldiak laguntzen badu, egun osorako egitaraua antolatu dute, adin tarte guztiek disfrutatzeko modukoa. Eguna ondo aprobetxatzeko, goizean goiz hasiko da festa: 09:30etan botako dute suziria. Goiza indarrean eta gozotik hasiko dute, aurreneko ekitaldia tripa betetzekoa baita: txokolatada. Ondoren, haur jolasak hasiko dira: sokatira, lokotxak biltzea, ur globo gerra... Goizeko 11:00etan, txistorra lehiaketa egingo dute herriko harategi ezberdinek.
Tortilla lehiaketako
baldintza eta osagaiak zehaztu dituzte
Dastaketa hasi eta berehala, 11:15ak arte, lehiaketan parte hartuko duten patata tortillak jasoko dituzte. Festen antolatzaileek azaldu dutenez, zehaztutako ordua baino beranduago entregatzen diren tortillak ez dira lehiaketan sartuko. Horrez gain, tortillak berak zein osagai izan behar dituen ere zehaztu dute: patata, arraultza, tipula, piperra eta gatza. Lehiaketa, ordu laurden beranduago hasiko da, eta probaketa egin ostean, epaimahai batek erabakiko du zein den irabazlea. Eguerdiko 12:00etan, umeen txanda izango da berriz ere, auzoko txikienek euren trebezia erakusteko aukera izango dute marrazki lehiaketan, eta politena egiten duenak, saria izango du.
Paelladarako sarrerak
salgai, gaur, 15:00ak arte
Paelladaren aurretik, eztarriak ondo bustitzeko asmoarekin, poteoa egingo dute auzoko tabernetatik barrena. Ondoren egingo dute paellada, 14:00etan. Jakinarazi dutenez, txartelak gaur, eguerdiko 15:00ak arte egongo dira salgai Pacheco, Aitan Etxe, Lizeagan, eta Barrenan.
Txiste lehiaketa eta disko festa, jai eguna bukatzeko
Arratsaldean txiste lehiaketa egingo dute auzotarren artean, eta jai batzordeak dei egin die auzotarrei parte hartzera. Ondoren diskofesta izango da eta Madalena egunari agur, arratsaldeko 20:00ak aldera esango diote, hainbat suziri botata.