Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetan, Ibon Fernandez Hernaniko euskal preso politikoaren osasun egoera salatzeko asmoarekin, eta zer daukan diagnostikatzeko beharrezko probak egitea eskatzeko.
Azaldu dutenez, Ibon Fernandezek zazpi hilabete daramazki oinarrizko osasun azterketarik gabe, eta hilabetez hilabete asko okertu da presoaren egoera. Hori salatzeko, lehenik eta behin bi gutun bidaliko dituztela jakinarazi dute: aurrenekoa Madrileko Valdemoro kartzelako zuzendariari, eta bigarrena, Kartzeletako Idazkaritza Orokorrari. Gutunak bidalita, espetxeko zuzendaritzari eskatu nahi diote Ibon Fernandezi beharrezkoak diren probak egiteko: «egoera honekin bukatu nahi dugu». Horrez gain, herritarrei ere gutunak bidaltzeko eskatu die AAMk, zenbat eta gehiago bidali, indarra haundiagoa izango baita: «Ibonen egoera aldatu dadin, gutunak bidaltzea eskatzen dizuegu».
Bihar agerraldia Lasarten, eta ostiralean
kontzentrazioa Hernanin
Gutunak bidaltzeaz gain, AAMk beste bi ekitaldi antolatu ditu Ibon Fernandezen osasun egoera salatzeko. Aurrenekoa agerraldia izango da, bihar, Lasarten egingo dena; eta bertan, egoeraren nondik norakoa kontatutako dute. Eta bigarrena kontzentrazioa izango da, ostiralean Hernanin egingo dutena. Hilabeteko azkeneko ostirala izaki, Hernaniko kontzentrazioak bereziki gai bat izaten du ardatz, eta ostiralekoa Ibon Fernandezen egoera salatzea izango da.
«Zailtasun haundia du ibiltzeko eta ezin du bost minutu eserita egon»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, Ibon Fernandezek zazpi hilabete daramazki osasun arreta egokirik gabe, eta hilabeteek aurrera egin ahala, bere osasun egoerak okerrera egin du. Lehen sintomak sabalean izan zituen, baina ordutik, arazoak gehitzen joan dira: «ibiltzeko arazoak ditu bi hankak txingurritzen zaizkiolako; sabela gogortua du; arnasa hartzeko zailtasuna du; hitz egiteko arazoak ditu; digestio eta libratzeko eragozpenak; besoetan indarra eta mugikortasuna galdu du; eserita ezin du luzaroan egon eta dardarak ditu gorputzean. Duela aste batzuk ziegan pasa behar izan zituen 24 orduak, ezin zuelako patiora jaitsi, eta janaria ere, beste preso batek eraman zion ziegara».
«Oraindik ez diote
diagnostikorik egin»
Egoerak okerrera egin duela kontuan izanda, senideek espetxeko langile, mediku eta zuzendaritzari bere urduritasuna eta egonezina adierazi diete; hala ere, jakinarazi dute, kartzelako medikuek ez dutela oraindik diagnostikorik egin: «diagnostiko zehatzik ez duen arren, hainbat medikamendu hartzen ari da, beti ere sintomatologian oinarritua. Espetxeak ez du neurririk hartu gaixoa behar bezala aztertzeko, ez die kasurik egin Ibonen senide, abokatu eta konfiantzazko medikuen kexei eta eskaerei. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, konfiantzazko medikuaren ustez, «urgentea da Ibon ospitalera eramatea, beharrezko probak egin diezazkioten».