Irati Sarasua Arabaolaza
Astigarragako festei
hasiera emango diezu. Horrelako zerbait egiten
duzun lehenengo
aldia da?
Iaz Donostiako Aste Nagusiko kanoikadan 4 zinemagilek `Artillero dale fuego´ abestu behar izan genuen. Urte beteko desberdintasunarekin bi esperientzia berezi hauek biziko ditut. Egia esan sorpresa izugarria izan da, ni baino gehiago merezi duen jende asko dagoela uste dut eta nitaz gogoratu izanaz asko pozten naiz, oso polita da.
Zein da zure lanaren xarma haundiena eta zein gauza
garrantzitsuena?
Proiektu bat amaitzean oso desberdina den beste bat egiten hasten zara eta hori oso aberasgarria da. Nahiz eta batzuen artean antzekotasuna edo harremana izan inoiz ez dira lan berdinak eta beharbada hori da gehien gustatzen zaidana. Ikus-entzunezko lan guztiek mezua dute, baina mezua transmititzeak baino garrantzia gehiago du nire aburuz istorioak berak, istorioak berarekin baitakar mezua.
Iaz Zinemaldian aurkeztu
zenuen 80 egunean
filmak arrakasta
izugarria izan zuen.
Hori da zure lanik
garrantzitsu eta
maitatuena?
Gaur egun garrantzi handiena fikzioari eta luzemetraiei ematen zaie. Zentzu horretan jendeak garrantzia ematen dion neurrian egileok zerbait berezia sentitzen dugu eta guretzako ere garrantzia hartzen du. Niretzako berezia da, fikziozko lehenengo lana izan delako, baina ez nuke esango kuttunena dudanik.
Film asko egin ditugu Moriarti produktoran, baina nik uste dut orokorrean lan talde osoan 3ºB film laburra izan dela maitatuena. Lehenengo lan semi-profesionala izan zen eta horregatik gure ibilbidean leku berezia izango du. Era berean, egia da film guztiak zureak sentitzen dituzula eta ondorioz maite dituzula.
Zein izan da azken lanaren aurrean jendeak izan duen jarrera?
Orokorrean espero baino askoz ere hobea izan da. Ni ez nengoen oso ziur eta beldur pixka batekin joan nintzen estreinaldira. Hasieran jende gutxi joaten zen filma ikustera, baina gero aretoak betetzen hasi ziren. Jendeak kalean gomendatu zuela argi geratu zitzaigun eta hori oso polita da.
Gainera, sorpresa polita jaso genuen, hemengo bizimodu eta egoera azaltzen zuen filma izanik Euskal Herritik kanpora ulertuko ez zela pentsatzen genuelako, eta horren aurkakoa gertatu zelako. Hainbat herrialdetako zinemalditan dabil gaur egun, eta Polonia eta Norvegiako zine aretoetan estreinatzeko aukera ere izan dugu.
Nola ikusten duzu
Euskal Herriko
zinemagintza?
Zinemagintzan gero eta pelikula eta dokumental gehiago egiten ari gara. Hori ona da, nahiz eta beste askok ez duten nire ideia partekatzen. Industria txikia gara eta materiala egotea da garrantzitsuena; gauza onak eta txarrak egongo dira, normalizazioaren bidea baita hori. Azken aldian gauza asko egiten ari gara eta hori oso ona da, azken finean herri moduan gure istorioak kontatu behar ditugulako. Garrantzitsua da euskal zinemagintza egotea, literatura eta musikagintza egotea bezalaxe.
Etorkizunerako
zer duzu esku artean?
Donostian bizi diren bi ahizpa oso bereziren istorioa azaltzen duen dokumentala egiten ari gara.
Mugikortasun mugatua dute, batek ez du hitz egiten eta besteak zailtasunak ditu horretarako. Ondorioz, komunikatzeko hizkuntza berezi bat sortu dute, `El metodo Arrieta´ deitzen diote: Osorik kontrolatzen duten atal bakarra begiaren irisa da eta hori mugituz komunikatzen dira. Komunikazio modu hori aitzakitzat hartuta euren bizitzaren eta komunikazioaren inguruko dokumentala egingo dugu. Jendeak drama bat dela pentsatu dezake, baina ez da horrela.
Grabazio garrantzitsuena udazkenean egin, eta 2012an Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa dugu. Horrez gain, laburmetrai batzuk ere aurkeztuko ditugu udaberrian.