Aranoko produktu eta eskulanen feriya, festa giroan murgiltzen hasteko

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 22a, 02:00

gozotik, bertako artisau eta bizilagunek egindako sagardo, basurde, izozki, tortila eta beste hainbat produkturen dastaketarekin hasiko dituzte bihar Santio festak Aranon. Lau eguneko egitaraua antolatu dute, bihar hasi eta Santa Ana egunera bitartekoa, ume, gazte, heldu zein aiton-amonek disfrutatzeko modukoa. Festa hasiera markatuko duen itxaferoa eguerdiko 12:00etan botako dute, eta segidan hasiko da eguna markatuko duen ekitaldia: feriya. Orain sei urte egin zuten aurreneko aldiz, eta ordutik denbora asko pasa ez den arren, Aranoko festetako ekitaldi nagusienetakoa da askorentzat. Geroz eta arrakasta haundiagoa du, eta ondorioz, geroz eta gehiago dira euren produktuak bertan jartzen dituztenak. Aukera, zabala izaten da: Aranon bizi den Katalanak txakolina jarriko du; aurten aurreneko aldiz, basurdearekin batera, sagardoa ere izango da aukeran; eta freskatzeko, Hernaniko Xarobeko izozkiak jarriko dituzte feriyan. Hauek, eta beste hainbat produktuez gain, artisau lanak ere izango dira, erosteko edo ikusteko. Feriya bukatuta, eguneko beste bi ekitaldi nagusiak pala txapelketako finala eta mus txapelketa azkarra. Palako finala arratsaldez jokatuko dute Hernaniko Aihe­kok eta Goizuetako Pablok, Ara­noko Eztebe eta Jon An­derren kontra. Eta hirugarren eta laugarren postuetarako lehian, Unai eta Txapartegik jokatuko dute, Ruiz eta Agi­rreren kontra. Gauean, mus txapelketa azkarraren 29garren edizioa jokatuko da, 22:00etan hasita. Eta festetako aurreneko eguna, ilargipean bukatuko dute, zine emanaldiarekin.

Umeentzako joku, txokolatada eta puzgarriak, festen bigarren egunean
Bigarren egunean, mezaren ondoren, umeak izango dira protagonistak Aranon. Eguerdiko 12:00etan pelota partiduak jokatuko dituzte Mujika eta Apezetxeak, Altsua eta Ape­zetxearen kontra. Eta segidan, Goizuetako dantzariek eskainiko dute emanaldia. Bazkalostean, nahi adina disfrutatzeko aukera izango dute etxeko txikienek puzgarri eta ume-jolasekin. Eta arratsaldeak aurrera egin ahala, txokolatea hartu, eta Arno ganadutegiko aziendaren gainean ibiltzeko aukera izango dute. Iluntzean, gainerako he­rritarrek helduko diete festa erritmoari, eta 21:00etan, sardinak eta bestelako jakiak jango dituzte, parrillan eginda. Gaue­an Erromeria izango da Bide batez taldearekin, eta parranda gehien luzatzen dutenentzat batxuri zopa banatuko dute, goizeko ordu txikietan.

Herri kirola, Santiyo egunean
Astelehena, Santiyo eguna izango da festetako inportanteena. Mezarekin hasiko dute eguna, urteroko pelota partidua jokatuko da, Aranokoen eta Goi­zuetakoen artekoa. Aranotik Huizi eta Legarretak jokatuko dute, eta Goizuetatik Apezetxea eta Nabartek. Eguneko bi ekitaldi nagusiak arratsaldean izango dira: herri kirolena lehendabizi, eta iparraldeko jokuena ondoren. Herri kiroletan, aizkoran, Ola­sagasti eta Nazabal ariko dira batetik, eta Felix Etxeberria bestetik 5 metroko egurrarekin. Harriare­kin erakustaldia, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta IIak egingo du. Herri kirolei bertso saioak hartuko die erreleboa, eta 19:00etan hasita, punta-puntako lau bertsolari ariko dira bertsotan: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Unai Agirre. Tarteetan, girotze lanak Eneritz eta Edurne trikitilariek egingo dituzte.

Bukaera Santa Ana egunean, jubilatuen egunarekin
Festak Santa Ana egunarekin bukatuko dira aurten Aranon, eta ohi bezala, jubilatuentzako ekintzak antolatu dituzte egun horretarako. Aurreko egunetan bezala, goizean meza izango da, eta ondoren, hamaiketako goxo baten inguruan bilduko dira auzotarrak. Eguerdi partean afizionatu mailako pelota partida jokatuko da: Lujanbio eta Etxegoienek jokatuko dute, Urkizu eta Murgiondoren kontra. Eta festei agur, mahai bueltan esango diete, bazkari eder batekin. Bazkaltzeaz gain, ber­tsoa eta musika ez dira faltako azken egunean: bertsoak Lazkano eta Legarretak botako dituzte, eta musika Jexuxek jarriko du, jazbanarekin.

Uztailak 23, lanbata
12:00 Jayai hasiera emango yoten itxaferua botako da Udaletxeko balkoitik.
12:00 Feriya eta tortilla lehiaketa.
17:00 Aranoko pala txapelketako finalak.
22:00 XXIX Mus txapelketa San Roke Elkartian
22:00 Ilargipeko zinia.
Uztailak 24, iyandia
11:00 Meza.
12:00 Umian partidua: Mujika-Apezetxea/Altsua-Apezetxea.
Segidan Goizutako dantzarik.
15:30 Puzgarrik eta ume jolasak.
18:30 Txokolatada.
19:00 Arno ganadutegiko aziendak umiantzat.
21:00 Parrillada herrikoia.
23:00 Erromeya Bide Batez taldiakin.
Goizaldian Batxui zopa.
Uztailak 25, astelena
11:00 Meza.
12:30 Arano-Goizuta arteko ohiko pelota partidua: Aranotik Huizi-Legarreta ta Goizutatik Apezetxea-Narbarte.
18:00 Herri Kirolak - Iparraldeko jokuk: Aizkolarik: Olasagasti ta Nazabal, eta 5 metroko egurrakin Felix Etxeberria. Harriyakin: Joxe Ramon Iruretagoiena ‘Izeta IIa’.
19:30 Bertsolarik: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Unai Agirre.
Gaua girotzeko trikitixa Eneritz eta Edurnerekin.
Uztailak 26, asteartia
11:00 Meza.
Ondorian Hamaiketakua.
13:00 Pelota partiduak afizionatun artian: Lujanbio-Etxegoien ta Urkizu-Murgiondo.
14:00 Jubilatun bazkaria: Imanol Lazkano ta Xabier Legarreta bertsolarikin, ta Jexuxen jazbanakin.

Oharra: Errifetako 2.sariko afaria Ugaldetxon izango da.
Jubilatuentzat: Bazkarirako izena Kontseju tabernan eman beharko da. Azken eguna: gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!