Hernani edo Doneztebe, Doneztebe edo Hernani... afizionatu mailako neurketa haundiena jokatuko dute gaur, Muskizen, bi herririk onenek. Gipuzkoako Herriarteko txapelduna da Hernani, eta Nafarroako Herriarteko txapelduna, Doneztebe. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera jokatuko dituzte hiru partidu, Muskizeko frontoian, eta bi irabazten dituenak irabaziko du txapelketa.
Doneztebe da faboritoa. Hernanik ezustekoa eman dezake, ordea. Horretarako, kadete edo jubeniletan irabazi behar du; nagusietan, seguru xamar dira hernaniarrak. Hernanik inoiz ez du irabazi Euskal Herriko txapelketa, bi aldiz jokatu duen arren. Lizarra eta Baztanen kontra galdu eta gero, gaur, beste nafar batzuei irabazteko, taktika prestatua dute...
Kadeteetan, atzera
Egoitz eta Josu Altuna anaiek Telletxea eta Aldaberen kontra jokatuko dute. Nafarrak dira faborito, Telletxea aurrelaria onentsuena baita, kategoria horretan. Berak agindu nahiko du partiduan, baina Altuna anaiak bikain ari dira azken aldian (Oñatiko Torneoko finala dute igandean) eta irabazi dezakete, aurrelariari airea kentzen badiote.
Jubeniletan, eutsi
Eneko Lujanbiok eta Aritz Murgiondok jokatuko dute jubeniletan, Maia eta Lasaren kontra (Lasa pelotariaren iloba da azken hau). Nafarrak dira faborito, baina ez kadeteetan bezain garbi. Maia da Nafarroako Lauterdiko Txapelduna, eta Lasa berriz, Nafarroako promesarik haundienetakoa. Aurrean izango dute, ordea, Lujanbio, bere momenturik onenean dagoen aurrelaria, eta Murgiondo, pelota munduan oso aurrera iristeko sekulako dohaiak dituen atzelaria. Gipuzkoako Herriarteko finalean jokatu zuten adina jokatzen badute, ezusteko ederra eman dezakete.
Nagusietan, eman
Paul Ojuelek eta Aitor Gorrotxategik jokatuko dute nagusietan, Oronoz eta Madariagaren kontra. Partidu honek erabaki behar badu finala, lasai egoteko moduan dira Hernaniko zaletuak; izan ere, bikote honek irabazi ditu denboraldi honetan, jokatutako ia torneo guztiak. Gorrotxategik sekulako heldutasuna hartu du, eta maila honetan atzelari puntakoenetako bat da. Ojuel da, momentu honetan, aurreko koadroetan espektakulu haundiena jartzen duen pelotaria.
Esfortzu txiki bat, afizioari
Azkenik, Hernaniko afizioari esfortzu txiki bat eskatu diote Pelota Elkartetik, Muskizeko frontoian Hernaniko oihartzuna entzun dadin. Autobusa 16:30etan aterako da Atsegindegitik, eta badira oraindik txartelak, Garinen, 5 euroan. Partidua, 18:30etan, Muskizeko frontoian.