Iberdrolako bi subestaziotan arazoak izan ziren atzo, Hernanin eta Usurbilen, eta ondorioz, bi herri horietan argirik gabe egon ziren goiz partean, arratsaldeko lehen orduak bitarte. Hernanin, auzo gehienetan joan zen argia: Gudarien plaza, Kale Nagusia, Kardaberaz, Atzieta, Lizeaga, Elizatxo, Portu, Karabel, Garcia Goldaraz, Florida, Agustindarren plaza... eta abar. Auzo gehienetara argia bueltatu zuten arratsaldeko lehen ordurako, baina zenbait puntutan 20:30ak arte luzatu zen aberia. Konponketa lanetan ari zirela, Urumeako Autobidean ere arazoak izan ziren argi-zutabe batekin, eta ordu batzuetan bidea moztu egin zuten (GI-131). Iberdrolak Kronikari jakinarazi dionez, erreklamazioak jartzeko telefonoa hau da: 902101122. Erreklamazioak onartuko dira, baina kasu batzuetan bakarrik: argi-mozketa 5 ordutik gorakoa izan den kasuetan, eta horrek eraginda makinarian kalteren bat izan bada, edo jakiak galdu badira...
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!