TXANTXANGORRI elkarteko Arkaitz Etxarri gazteak sorpresa ederra eman du aurten, Arrastoko Basurde Txakurren Txapelketan. Gipuzkoako 7 onenen artean geratu da, eta Euskadiko 4 onenen artean; ondorioz, Espainiako Txapelketan neurtuko da, espezialista haundien kontra, uztailaren 30ean, Asturiasen.
Lehenengo urtea, eta lehenengoen artean
Ez da makala Epeleko ehiztariak egin duena. Lehendabiziko aldiz parte hartu du txapelketa honetan, eta goiko muturrean ibiltzea lortu du, bere Sabueso gaztearen laguntzarekin.
Gipuzkoako Txapelketan hasi zuen ibilbidea. Bertan, 26 ehiztari elkartu ziren, eta 7 onenak pasa ziren Euskadiko Txapelketara. Murgian jokatu zen Euskadikoa, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako
17 ehiztari bildu ziren bertan. Handik, 4 onenenek beste pauso bat eman zuten, eta Espainiako Txapelketan izango dira, uztailaren 30ean, Asturiasen. Txantxangorri elkarteko kidea bertan izango da, eta elkartetik animoak eman nahi dizkiote Etxarriri.
Modalitate berria
Txantxangorri elkarteak Kronikari jakinarazi dionez, modalitate berria da hau. Arrastoko basurde txakurren lehiaketak oraintxe gutxi hasi dira, eta oraingoz, arrakasta izan dute.
Txantxangorrik animatu egin nahi ditu Hernani eta inguruko ehiztariak, modalitate honetan parte hartzera, zale asko dagoela badakitelako. Nahi duenak, aukera dauka elkartetik pasatzeko, eta Arkaitzek berak erakutsiko omen dizkiete sekretu guztiak, halako emaitzak lortzeko.