«Jokatzen jarraitzeko beharra nuen, eta bi urteko kontratua sinatu dut Ciutadellarekin»

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 18a, 02:00

Esther Lopez boleibol jokalari hernaniarrak bi urte rako kontratua sinatu du Menorkako CV Ciutadella taldearekin. Bukatu berri den denboraldian talde ho­netan aritu da jokatzen, eta taldeak sekula lortu ez duena ere eskuratu dute: Superliga irabaztea. Txa­pelketa eskuratuta, eta buruari buelta asko eman ostean, Lopez Hernanira itzuli zen erretiratzeko erabakia ia hartuta. Orain gutxi ordea, Ciutadellaren deia jaso du, eta boleibolarekiko duen pasioak eta beharrak bul­tzatuta, baiezkoa eman dio bertan bi urtez jarraitzeko eskain­tzari: «uz­teko erabakiari bueltaka nenbilenean lan eskaintza bat egin zidaten, eta animatu egin nintzen. Aldaketa baten beharra ikusten nuen, eta eskaintza hori primerakoa zen horretarako. Hernanira itzulita ordea, Menorka, boleibola, guztiaren falta sumatzen hasi nin­tzen, eta tarte horretan Ciutadella taldearen deia jaso nuen. Bi urteko eskaintza egin zidaten, eta jokatzeko nuen beharra kontuan izanda, baiezkoa ematea erabaki nuen». Etorkizunari begira, nahiz eta bi urteko kontratua sinatu duen, Lopezek pixkanaka joan nahi du: «printzipioz bi urterako sinatu dut, baina urtetik urtera ikusi beharko dut nola nagoen, lesioek laguntzen didaten...».


Ciutadellarekin titulu gehiago lortzea, datorren denboraldiko erronka

Ciutaldella talde txiki eta apala izan da beti, eta urteak pasa ahala hazi eta egonkortu da. Esther Lopezek urtebete egin du bertan, 2010-2011 denboraldia, eta klubak urte honetan lortu ditu sekula izan dituen emaitza onenak. Erreginaren Superkopan azpitxapeldun geratu zen Menorkako taldea; eta Europa League txapelketan final zortzirenetara sailka­tzea lortu zuten. Denboraldiko emaitza onena berriz, azkena izan zen, Superliga irabaztea. Datorren denboraldiari begira, Lopezek dio helburu gehiago izango di­tuztela, horien artean, beste tituluren bat irabaztea: «aurten Superliga lortzea izugarria izan da, eta datorren den­boraldian, helburua haratago joango da. Aurten bezain ondo aritzea gustatuko litzaidake, eta ahal izanez gero, tituluren bat gehiago lortzea»


Lopezen ibilbidea Europako jokalari gutxik berdindu dezakete

Lopezek sari ugari bildu ditu bere ibilbide profesionalean, eta palmaresari erreparatuz gero ere, lortutako titulu kopurua izugarria da. Oso zaila da berea bezalako ibilbidea berdindu dezakeen norbait aurkitzea Europako boleibolaren munduan, eta baita kirolaren munduan ere. Ibilbidea ikusita, ziurrenik palmaresa haunditzeko aukera izango du Lopezek datozen bi urteetan.

PALMARESA
1 Champions European League
4 Superliga
3 Erreginaren Superkopa
4 Superkopa

SARIAK
- Europako libero onena 03/04 denboraldian
- Europako hartzaile onena 04/05
denboraldian
- Superligako jokalari one­na 04/05 denboraldian
- Europako libero onena 06/07 denboraldian

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!