«Udalak 280.000 euro inguru aurreztuko ditu asistentzia dietekin»

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 17a, 02:00

hilabete pasa da Bildu koalizioak Udal karguak hartu zituela, eta denbora honetan hartutako erabakien berri emateko asmoarekin, prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara. Oharrean, Udal Taldeak dio, ekainaren 17ko Plenoan erabaki zutela Gobernu Taldekoek zein oposiziokoek zituzten dietak ezabatzea. Dietak Udalbatza eta Ba­tzordeetara joateagatik ko­bratzen zituzten: «2004ko au­rrekontuan, dietak 130.000 eurokoak ziren; 2008an 110.000 eurokoak; eta 2011n 70.000 eurokoak. Beraz, hurrengo Lege­gin­tzaldian Udalak 280.000 euro aurreztuko ditu asisten­tzia dieten kontzeptuan». Udal Taldeak azaldu du, soldatak ere Pleno berean erabaki zirela, eta aurreko Le­ge­gin­tzaldikoak baino baxuagoak izango direla. Baita ere, gaineratu dute Bilduk konfiantzazko kargu bakarra izan­go duela, eta hortaz, «guztira aurreztutako kopurua ga­rrantzitsua izango» dela. «Neurri hauek ezinbestekoak dira, guk politika ulertzeko dugun ikuspuntutik» Oharrean dio, Bilduk politika ulertzeko duen ikuspuntutik, neurri hauek ezinbestekoak direla: «gutako 5 kide musutruk aritzen gara lanean Udalean; 3 dedikazio erdiz, eta bakarra, Alkatea, egun osoan». Hilabete honetan hartutako beste erabakietako bat animalien ordenatza edo txakurren ADNarena etetea izan dela azaldu dute. Azkenik, hilabete honetan une ederrak zein gogorrak bizitzea tokatu zaiela ere azpimarratu dute: «batetik, CD Hernaniren igoera, He­rriar­teko Txapelketaren garaipena eta San Joanak batetik; eta Rosario Roman de la Fuenteren hilketa eta Yolanda Sanchez Romanen kontrako erasoa bestetik».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!