Hernani, uholde arrisku haundiena duen herria, Gipuzkoan

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 20a, 02:00

Kantauri isurialdeko zona guztiak aztertu dituzte, eta Hernani-Astigarraga-Donostia zonaldea da arriskutsuenetakoa, uholdeak izateko. 1684 urtetik, 24 uholde haundi izan dira zonalde honetan.

Uholdeak zer diren ondo dakite hernaniarrek, eta ez da kasualitatea, atzo bertan kaleratutako azterketa batek dioenez, Hernani baita probabilitate gehien dituen he­rria, Gipuzkoa guztian. Her­nani-Astigarraga-Donos­tia zonaldean, 24 uholde haundi erregistratu dira 1684 urteaz geroztik. Hernaniren kasuan, gainera, uholde horiek indar haundikoak izanez gero, arrisku larriak eragin ditzakete, ibai ertzean arrisku haundiko hiru enpresa daudelako.

Gipuzkoan, 35 arrisku zona
Azterketa hau bi erakundek egin dute, elkarlanean: Kan­tauriko Ur Konfederazioak eta Uraren Euskal Agentziak (URA). Azterketa honetan, Kantauri ekialdeko lurrak aztertu dituzte, eta 69 zonalde jo dituzte probabilitate haundiena dutenen artean; Gipuzkoakoak, 35. Hasierako azterketa bat da egin dutena, eta helburu nagusi hau du: «administrazio guztiek batera lan egitea uholdeek ahalik eta kalte gu­txien eragin ditzaten, bai per­tsonei, bai ingurumenari, bai patrimonio kulturalari, eta bai aktibitate ekonomikoari».

Pertsonei kalteak
Uholdeek kalte ekonomiko haundiak eragin ditzakete, azterketaren arabera, baina pertsonentzako ere arrisku­tsuak izan litezke, kasu ba­tzuetan. Hernaniko kasuan, ibai-ertzean arrisku haundiko enpresak izateak kalte pertsonalak eragin ditzake, uholde haundiak diren ka­suetan. Uholdeak ebitatzea ia ezinezkoa dela dio azterketak, baina gutxitzea posible da, bai kantitatea eta bai eragiten dituen kalteak. Orain arte egindako kanalizazio, presa edo dikeak ez ditu txartzat jotzen, baina aurrerantzean beste bide bat hartu beharko litzatekeela dio. Alegia, uraren leku naturalak (erriberak eta abar) ez gehiago okupa­tzea, eta zenbait kasutan, errekuperatzea.

Uholde datuak:
Uholde nagusiak Hernani-Astigarraga-Donostian
1684-1688-1915-1918-1926-1932-1933-1949-1953-1979-1980-1981-1983-1992-1995-1997-2002-2003-2004-2006
Arrisku haundieneko lekuak:
Hernani, Astigarraga, Donostia, Igara, Irun, Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku, Villabona-Zizurkil-Aduna, Bergara, Andoain, Azpeitia, Zarautz, Urrestilla, Usurbil, Lasarte-Oria, Soraluze, Orio, Lazkao-Olaberria, Beasain-Ordizia-Arama-Itsasondo, Legazpi, Legorreta, Zumarraga, Urretxu, Eskoriatza, Arrasate, Alegia-Altzo, Ataun, Azkoitia, Lizartza, Tolosa-Ibarra, Amezketa, Behobia, Oñati eta Elgoibar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!