Hernani eta Doneztebe finalean, ostiralean Muskizen

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 17a, 02:00

hernanik falta zaion txapel bakarra janzteko aukera izango du hilaren 22an, ostiralean: Euskal Herriko Herriarteko txapeldunarena. Finalerdietako partiduak, joan-etorrian, Amurrioren kontra jokatu ditu, eta biak 3-0ekoarekin irabazi ditu. Joaneko partidua astearte arratsaldean jokatu ostean, finalerako pasea eskuartean zutela itzuli ziren hernaniarrak Arabatik. Bueltako partidua ostiral arratsean jokatu zen Hernaniko pelotalekuan, eta kanporaketak ez zuen kolorerik izan. Amurrioko hiru bikoteak etsita etorri ziren, eta Hernanikoek egurra emanda irabazi zituzten hiru partiduak. Kadetetan, Altuna eta Lujanbio IIak jokatu zuten, misterio haundirik izan ez zuen partidua. Amurriok pelotari suplenteak atera zituen, eta asko erraztu zizkion lanak Hernaniri. Hala, erraz, 22-8 nagusitu ziren etxekoak. Jubeniletako emaitza eta partidua oso antzekoa izan zen: Hernanik 22-7 irabazi zuen. Aurrelari hernaniarrak partidu ikusgarria jokatu zuen, eta pelota ugari bota zituen errebotera; Amurrioko atzelariak berriz, pelota asko entregatu zuen. Azkenik, espero bezala, seniorretako bikotea ere nagusi izan zen. Euren jokua erakutsi zuten biek, eta aurrean eta atzean tantu bikainak egin zituzten, 22-7ko emaitza lortu arte.

Finala Donezteberen aurka, ostiralean

Hernanik aurkari gogorra izango du Euskal Herriko Herriartekoaren finalean: Doneztebe talde nafarra. Doneztebek Gernikaren kontra jokatu du kanporaketa, eta bi partiduetan nagusi izan da: joanekoan 1-2 irabazi zuten, eta bueltakoan 3-0. Finala Muskizeko pelotalekuan jokatuko da, ostiralean 22:00­etan, eta klubak autobusa jarriko du, bertara joateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!