Festa giroan hartu du urtebeterako Alkate kargua Bixente Zaraguetak

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 17a, 02:00

festa girorik ez zen faltatu atzo Kaxkoan, egun osoan zehar. Musika, umorea eta saltsa nagusi izan ziren goizeko aurreneko ordutik gauerdira bitartean, Kardaberaz eta Kale Nagusian. Dianaren doinuekin auzotarrak esnatu ostean, haurrentzako marrazki tailerra izan zen goiz parteko ekitaldi garrantzitsuena. Eguerdiko 12:00ak punttu- punttuan zirenean, suziriaren hotsa en­tzun bezain laister, Kale Nagusian pilatu zen jende mordoa; Alkate berria izendatzeko momentua iritsi zen. Bixente Zaraguetak, Maitere Azurmen­diren eskutik jaso zuen makil preziatua, urtebeterako Kax­koko Alkate izendatzen duena. Zaraguetak esker hitzak izan zituen bertan bildutako guztientzat, eta emozionatuta esan zuen: «nire bizi­tzako une zoriontsuenen artean gordeko dut hau, bereziki hunkituta nago». Zaraguetak bake garaiari buruz ere hitz egin zuen, eta aurrera begiratu nahi badugu, «barkatzeko» garaia iritsi dela azpimarratu zuen. Alkate izendapena amaituta, Isabel Casco izan zen momentuko protagonista. Omenaldia jaso zuen Kaxko Elkartearen eta auzoaren izenean, azken urte guzti hauetan egin duen lan guztia goraipatze aldera. Arratsaldean, herri bazkarian indarberrituta, karta saioan aritu ziren helduak Kardaberazen; eta gaztelu puzgarrietan eta txoko­la­tea janez, umeak, Plaza Berrin. Ondoren, Karbonerako balkoia izendatu zuten politena. Eta fes­ta eguna sardin jatearekin eta dantzaldiarekin bukatu zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!