Isabel Casco omenduko dute gaur, Karmen jaietan, Hernaniko Kaxkoaren alde egindako lan guztiarengatik. Abizena bakarrik ez, Kaxko auzoa barru-barruan daramaki Cascok, eta lan haundia egin du auzoa bizirik izateagatik. Auzo elkartea sortu zutenetako bat, eta lehendakari lanak urteetan egina. Aurten utzi du kargua, eta gustora dagoela dio, egindako lanarekin.
«Auzoa lotuago»
Kaxkoa lotzeko sortu zuten elkartea, eta arazoak bideratzeko ere bai. Isabelen ustez, gauza asko lortu dira, auzo elkartea sortu zenetik. «Batez ere, jendea lotuago dago. Kezkak bideratzeko aukera jarri dugu, Kaxkoko jaiak berreskuratu dira, konbenio bat egin dugu taberna, sagardotegi eta auzotarrok, Milagrosako aparkalekuak... kexak eta proposamenak egiteko buzoia (arkupe txikian)...».
Oraindik zer egina ba omen da Kaxkoan, eta horretarako talde ona dagoela dio, orain arteko lehendakariak: «Kaxkoan bertan lokal bat behar genuke (hori da nere arantza txikia), adibidez, edo plaza eta Tilosetako lurrak aldatzea ere pendiente daukagu; lana badago egiteko. Horretarako, talde ona dago, ilusioz daude, eta lan ederra egingo dute, seguru».
Isabelek dio, gustura egin duela egindakoa, eta gaurko omenaldia ere hala hartuko du. «Harrotasun pixka bat sentitzen dut, satisfakzioa, baina lotsa pixka bat ere bai!».