Finalera, gaur irabaziz gero

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 15a, 02:00

gipuzkoako Herriarteko txapela orain hiru aste jantzi eta gero, Hernanik Euskal Herrikoa janzteko bidean beste pausu bat emango du gaur, Amurriori irabaziz gero. Azken urteetako emai­tzak ikusita, jakina da Hernaniko pelotariak duten maila ez dela nolanahikoa, eta hala erakusten ari dira Euskal Herriko Herriarte­koan ere. Hernani hiru aldiz iritsi da Euskal Herriko Herriarteko finala jokatzera, baina txapela ez du inoiz lortu. Txapel hori hain zuzen da, Hernaniri falta zaion bakarra. Aurten, finalerdietako partiduarekin hasi dute txapelketa hernaniarrek, eta kanporaketa, Arabako Amurrio taldearen kontra ari dira jokatzen. Joaneko partidua arabarren pelotalekuan jokatu zuten, eta Hernanik lortu daitekeen garaipenik zabalena lortu zuen, 0-3ko plenoa. Hortaz, kanporaketa ia erabakita utzi zuen, nahiz eta gaurko partidua erabakiorra den. Partiduak kiroldegiko pe­lo­talekuan jokatuko dira gaur, 19:00etan hasita. Elkarteak dei egin die herritarrei pelotalekura joan, eta taldea animatzera.

Seniorretan, Hernani nabarmen nagusi

Aurreikusi bezala, kadete eta jubeniletako partidua izan zen joaneko kanporaketako gogorrena. Kade­tetan, Altuna anaiek 16-22 irabazi zuten Landaluze eta Arre­giren kontra. Bi atzelariak bikain aritu ziren, eta Hernanik sakearekin lortu zuen partiduari buelta ematea. Jubeniletan, Lujanbio eta Murgiondok 18-22 irabazi zuten Guaristi eta Urre­txuren kontra. Partiduak bi zati izan zituen: aurrenekoa huts askokoa, eta bigarrena, bikote hernaniarra nagusitu zena. Azkenik, espero bezala, seniorren partiduan izan zen alderik nabarmenena. Lau pelotariak bikain aritu baziren ere, Ojuel eta Gorro­txategik beste maila batean jokatu zuten, eta 16-22ko garaipenarekin itzuli ziren Hernanira.

Finala, 22an, Muskizen

Hernanik gaur garaipena lortuz gero, Muskizen jokatuko den finalerako pasea lortuko luke. Final haundia hilaren 22an jokatuko da, eta Hernanik Doneztebe edo Gernika izango du aurkari. Finalerdietako joaneko partiduan, nafarrak izan ziren nagusi, eta 2-1eko garaipenarekin, lan erdia egin zuten. Bueltako partidua gaur jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!