Urteroko moduan, Saharako kanpamenduetara bidaltzeko jakiak bildu dira Hernanin. Aurten, data aldatuta, maiatza eta ekainean jaso dira jakiak, eta Udaletik azaldu dutenez, datuak aldatu egin dira. Hernanin, guztira, 6 tona jaki bildu dira, eta aurreko urteekin alderatuz, sumatu dute beherakada, batez ere, ikastoletan. Jakiez gain, 3 palet konpresa eta fardel jaso dituzte, eta beste hiru palet arropa eta zapata ere bai. Bilketa eginda, eta produktuak Saharara bidalita, Udalak, eskerrak eman nahi dizkie karabanan parte hartu duten guztiei, hala nola, jendeari, supermerkatuei, denda txikiei, ikastolei eta inguruko lantegiei: «beraien laguntzarik gabe ezingo genuke karabana aurrera atera. Hurrengo urtera begira, jendeari parte hartzeko deia ere luzatu nahi diogu, taldea irekia da, eta edonork har dezake parte.
Euskal Herritik 100 tona jaki bidali dira
Euskal Fondoak emandako datuen arabera, Euskal Herritik 100 tona jaki bidali dira Saharara. Eta honez gain, elkarte batzuen proiektuko materialak eta Berangoko Udalak emandako furgoneta ere bidali dira.
Euskal Karabana ekainaren 18an atera zen Saharara. Kamioiak Alikantera jaisten dira lehendabizi, gidari bolondresek gidatuta. Bertan, Estatuko beste ibilgailuekin bat egin, eta ontziz, Oranera bidaiatzen dute. Oranen, aduana tramiteak pasa, eta kanpamenduetatik igotzen diren gidariek egiten dute berriz ere bueltako bidea. Materiala Ilargi Gorriaren biltegian deskargatzen dute, eta helburu konkretu baterako bidalitako gauzak, zuzenean helburu horretara bidaltzen dituzte.