Kalitatezko ziurtagiria duten Hernaniko produktu batzuk aurkeztu dituzte: sagardoa, barazkiak, gazta, oilaskoa...

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 14a, 02:00

Aurkezpena Iparragirre sagardotegian egin zuten Arantxa Eguzkitza eta Jose Luis Medrano sagardogileek, Juanito Larburu barazkigileak, Mikeli Etxebeste oilasko hazitzaileak, Ramon Mugertza gazta eta arkume ekoizleak, eta Julian Urkiola eztigileak.

Hernanin, kalitatezko ziur­­­tagiria duten produktuak aur­keztu zituzten astearte arratsean Ipa­rragirre sa­gar­dotegian. Sei ekoizle izan zi­ren bertan, eta banaka, euren lanaren nondik nora­koak azal­du zituzten. Aran­txa Eguz­­ki­tzak (Ipa­rra­girre) eta Jose Luis Medranok (Itxasbu­ru) Eusko Labela duen sagardoa aurkeztu zuten; eta Ipa­rra­girreko Eguz­kitzak, La­­be­laren barruan duten sa­gardo Eko­logikoa ere bai. Telleri-Zahar ba­serriko Ra­mon Mu­gertzak gazta aurkeztu zuen, Idia­zabalgo de­no­minazioa duena, eta bi ziurtagiri dituen arkumea ere bai: Labelduna eta Eko­lo­gi­koa. Berakorte baserriko Jua­nito Larburuk Euskal Baserri denominazioa duten barazkiak aurkeztu zituen. Ereño­tzuko Mikeli Etxebestek be­rriz, Lu­ma Gorri ziurtagiria duen oilaskoa. Eta azkenik, nahiz eta kalitatezko ziurtagiririk ez izan, Julian Urkiola eztigilea izan zen bertan. Ekoizle txikia izanik, ezin du ziurtagirik izan, baina gonbidatu egin zuten, erle-zainen lana azpimarratzeko. Eguzkitzak azaldu zuenez, astearteko aurkezpenean, elkarlan bateko aurreneko harria jarri zuten, eta gaineratu zuen, ekoizle gehiago ez biltzeak ez duela esan nahi gehiago ez daudenik. Azaldu zuenez, lanean jarraitzeko asmoa dute, eta udaberri aldera, azokatxoren bat egitea ere pentsatu dute.


Zein da garantia?
«Kontsumitzaileak eskuartean duen produktuak ziurtagiria edo zigilua badu, produktu hori kalitatezkoa dela bermatua dago; hori da kalitatezko ziurtagiri batek ematen duen garantia», hala azaldu zuen Eguz­kitzak. Asteartean, aurkezpenetik kanpo geratu ziren ziurtagiririk ez duten Hernaniko ekoizleak, Eguz­kitzaren esanetan, ziurtagiriak beste ahalegin bat es­katzen baitu: «ziurtagiria duten ekoizleek esfortzu eta saiakera haundiagoa egin behar dute. Gainontze­koek ez dituzten kontrolak pasa behar ditugu, EHNEk edo Kali­tatea Fun­da­zioak egiten dituenak».


Ramon Mugertza: «Garaian garaikoa ekoizten dugu»
Ramon Mugertzak 50 ardi ditu, eta garaian garaikoa ekoizten du­tela adierazi zuen asteartean. Orain esaterako, ez dituzte ma­mia eta arkumea sal­tzen, garaiz kanpokoak baitira: «kongelatu­ta­ko es­nearekin egin daiteke ma­mia, baina niretzat, produktuak garaikoa izan behar du». Sal­tzeko or­duan, ardi esnea en­bolsatua saltz­en dute, Her­naniko dendetan. Arkumea Ekologi­koan egiten ere saiatzen direla adierazi zuen, baina ge­hiena Labelean saltzen dutela azaldu zuen. Eta azkenik, gazta gehiena, denda ekologikoetan saltzen zutela gaineratu zuen.


Juanito Larburu: «Zomorroak hiltzeko beste zomorro batzuk erabiltzen ditugu»
Tomatea, letxuga, porrua eta tipulinak dira, Juanito Lar­bu­ruk Euskal Baserri gisan ekoizten dituen barazkiak. Trata­men­turik gabe ekoizten dituztela azal­du zuen herenegun, eta zomorroak hiltzeko du­ten formula ere kontatu zuen: «er­­leak edo abejorroak erabil­t­zen ditugu zomorroak hiltzeko, batzuk besteak hil­tzen dituzte». Barazkiak Ezkerron saltzen ditu Larburuk, eta sobratzen de­na, Bugatira eramaten du.


Mikeli Etxebeste: «85 egunetan hazten ditugu oilaskoak, 1,8kg ingurukoak»
Etxebestek azaldu zuen, oilaskoak jaio eta hurrengo egunean ekartzen dizkiotela Ereñotzura. 1.300 oilaskoko bi nabe ditu ber­tan, eta argi gabe, ura eta janaria asko kontrolatuta hazten ditu. Oilasko bat hazteko 85 egun behar dituztela azpimarratu zuen, eta gutxi gora behera, 1,8kg ingurukoak egiten direla gaineratu zuen: «guk ez dugu engorderik erabiltzen, eta txikiagoak ateratzen badira, horiekin konformatzen gara». Luma­gorri ziurtagiria dute bere oilaskoek, eta hiltzera Zerainera eramaten dituzte. Salmenta bertatik banatzen da, Etxebestek hazi besterik ez ditu egiten.


Arantxa Eguzkitza eta Jose Luis Medrano: «Eusko Labelak bertako sagardoa dela ziurtatzen du»
Bi sagardo ekoizleek azaldu zuten, Eusko Label ziurtagiria duen sagardoak bi gauza bermatzen dituela: %100 bertako sagardoa dela, eta kalitatezkoa dela. Eguzkitzak azaldu zuen, sagardoak analitika berezi ba­tzuk pasatzen dituela, kata itsu bat, eta enbotellatzeko ere baimendu egiten dela: «sagardogile askoren ametsa bete dugu, bertako sagarrarekin egindako sagardoa izatea. Horrez gain, Iparragirren, Ekologikoa eta Labela uztartzen dituen beste sagardo bat ere atera dugu».


Julian Urkiola: «erleek egiten dutena jasotzen dut»
Urkiolak etxeko kontsumorako egiten du eztia, eta ezer ez duela manipulatzen azaldu zuen: «erleek bere horretan egiten dutena jasotzen dugu». Akazia, gaztaina eta txillarraren eztia egiten dute bere erleek, garaian garaikoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!