Joan den asteko igandean Hernanin izan zen hilketaren inguruan prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara AMHER elkarte multikulturalak, eta bertan eskerrak ematen dizkio Chaibi, izandako ausardiagatik: «zure ausardiaz denok ikasi dezakegu. Horregatik, eskerrik asko Chaib» Oharrean dio, pixkanaka pixkanaka, xehetasunak agertzen ari direla, eta bertan, ikusten dela Chaiben presentzia: «zu han zeunden eta Yoliren, biktimaren alabaren, garrasiak entzun zenituen. Pentsatu gabe korrika joan zinen haiei laguntzera, eta erasotzailea uxatzea lortu zenuen. Horrela, Yoliri bizitza salbatu zenion. Rosariori laguntzen saiatu ondoren, jende gehiago etorri zenean, erasotzailearen atzetik joan zinen». AMHERrek dio, erasoa gertatu zenetik, asko hitz egin dela erasotzailearen jatorriari buruz, «etorkina baita, zehaztasun garrantzitsua balitz bezala». Horrez gain, gaineratu du, Chaibek momentuan izan zezakeen samina eta amorrua alde batera utzita eta bere burua arriskatuta, emakume hernaniarra laguntzea erabaki zuela: «momentuan ez da hain zaila oreka galtzea. Samina eta amorruaren artean erraza da perspektiba galtzea. Baina zalantzan egon gabe, zeure burua arriskatu zenuen emakume bati laguntzeko, emakume hernaniarra hain zuzen». Oharraren bukaeran, AMHERrek dio, garrantzitsuena dela «azkenean denok pertsonak garela» eta guztiok «lagundu eta kaltetzen» dugula elkar, jatorria kontuan hartu gabe.