EKAINAREN 28an desjabetzak egin ostean, AHT eraikitzeko obrak beste pausu bat eman du: gas konduktoak lekualdatzea, Osiñagan. Hernaniko AHTren Aurkako Taldeak hala salatu du Kronikan, eta gaineratu du, hemendik aurrera beste hainbat aldaketa ere egitekoak direla.
Osiñagan, gas konduktoak eta AHTren ibilbideak bat egiten dute, eta horrek eraginda hasi dira gas konduktoak lekualdatzen. AHTren aurkako taldeak jakinarazi duenez, linea elektrikoa, telefono posteak eta ur puntuak ere aldatu beharko dituzte; eta bide batzuk ere zuzendu beharko dituzte.
«Baserritar batzuk oraindik ez dakite bertan jarraituko duten edo ez»
Desjabetza ia guztiak ekainaren 28an egin baziren ere, AHTren Aurkako Taldeak azaldu du badirela baserritar batzuk oraindik ez dakitenak baserria galduko duten edo ez: «desjabetza ia guztiak egin ziren arren, badaude baserritar batzuk negoziatzen jarraitzen dutenak. Desjabetzak bukatuta zeudela uste genuen, baino badaude obra etxetik oso gertu duten baserri batzuk. Hortaz, nahiz eta zuzenean desjabetuak ez izan, kasu batzuetan bertan bizitzea ia ezinezkoa da. Beraz, orain, negoziatzen ari dira».