Bixente Zaraguetak jasoko du Alkate makila, eta Isabel Casco omenduko dute, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 12a, 02:00

karmen Eguna ospatuko dute larunbatean, uztailaren 16an, Kaxkoko bizilagunek. Festa gerra aurretik ere egiten bazen ere, urte askotan ez zen ospatu Her­nanin. 2003an or­dea, Kax­koko bizilagunek berreskuratu zuten, eta ordutik urteroko hitzordua dute, Kar­daberaz eta Kale Na­gusiko bizilagunek. Festa eguna goizean goiz hasten da, eta aurten larunbata iza­ki, gauerdia pasa arte luzatuko da: diana, meza, makila aldaketa eta omenaldia, ume jokoak, karta saioa eta helduentzako jokoak, bazkaria, sardina jana eta dantzaldia dira, aurtengo ekitaldi nagusiak.

Alkate berria eta omendua, eguneko protagonistak

Festa abiaraziko duen txupinazoari aurre hartuta, Dianak es­natuko ditu Kax­ko­ko bizilagun batzuk larunbata goizean, 09:00etan. Ordu be­rean, Agustindarren elizan izango dira beste batzuk, Kar­men Eguneko meza entzuten. Or­dubete beranduago, haurren txanda izango da: eguer­di­ko 12:00ak bitartean marrazki tailerra izango da, Plaza Berrin. Goizeko ekitaldiek festa eguna girotuko duten arren, ofizialki, jai hasiera, eguerdiko 12:00etako txupinazoak markatuko du. Ondoren izango dira eguneko bi ekitaldi nagusiak: Alkate makila aldatzea eta omenaldia. 2011-2012ko Kaxkoko Alka­tea Bixente Zaragueta, Kale Nagusiko hernaniarra izango da, besteak beste, Donostiako Aqua­riu­me­ko presidentea dena. Makila orain arte, urtebetez, Alkate kargua izan duen Maria Teresa Azurmendiren eskutik jasoko du. Ondoren, omenaldiaren momentua izango da: Isabel Casco omenduko dute, joan den urtera arte Kaxko Elkarteko lehendakaria izan zena. Isabel Casco urte guzti hauetan Kaxko Elkartearen alde egindako lanagatik omenduko dute. Makil aldaketa eta omenaldia bukatuta, Kaxko el­karteko epaimahaiak Karda­beraz eta Nagusiko balkoiak erreparatuko ditu, lehiaketako irabazlea aukeratzeko. Aurten, erakusleiho lehiaketa balkoi lehiaketak ordezkatu du, eta Kaxko Elkarteak dei egin die bizilagunei balkoiak apaintzeko.

Bazkaria, karta saioa eta jokoak, gaua bitarteko plana

Eguerdian elkarrekin bazkalduko dute Kaxkoko bizilagunek, Plaza Berrin. Txartelak Onddi tabernan dau­de salgai eta Migel Lu­jan­biok ere baditu. Indarrak berreskuratuta, karta saioen txanda izango da arratsaldeko 16:00etan. Karta jokoan emakumeek edo bikote mistoek bakarrik har dezakete parte. Ordubete beranduago, Gaztelu puzgarriak jarriko dituzte txikienentzat Plaza Berrin, eta 18:00etan txokolatea emango diete, meriendan. Ordu berean, Kale Nagusian, toka, igel aeta beste hainbat joku izango dira; kasu honetan, helduentzako. Afaldu aurretik, saria emango diote eguerdian epai­­mahaiak aukeratutako balkoi onenari eta politenari. Eta segidan hasiko da, tradizioa bihurtu den sardina ja­na. Plaza Berrin egingo da aur­­ten ere, musikak lagun­du­ta. Festa goizaldeko 01:00­ak arte luzatuko da, Triki Ahots taldearen dantzaldiarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!