«Noizbait erabaki behar nuen; zikloa bat bukatu dut. Bi urte gehiagoz korritu nezakeela? Bale. Baina noizbait behar zuen. Ausardia behar da horretarako ere». Julen Madinak ziklo bat bukatu duela erabaki du, eta ez du San Ferminetako entzierroan gehiago korrika egingo. 40 urtez atera da entzierroan, eta 300 entzierro baino gehiago ditu hanketan; estuasun batzuk pasea ere bai, eta memorian ditu denak, onak eta txarrak. Ezingo ditu ahaztu inoiz, eta faltan botako ditu, denak.
«Sprint bat baino gehiago da»
Zerk bultzatu du hernaniar bat, 40 urtez jarraian Iruñara joan, zapi gorria jantzi, eta 500-600 kiloko piztien aurrean korrika egitera? «Emozioak. Sprint bat baino gehiago da. Barruak mugitzen dira. Adrenalina karga ikaragarria da».
Marka batzuk hautsitakoa
Marka batzuk behintzat hautsi ditu Madinak, Iruñako San Ferminetan. 1971n hasi, eta 2010 bitartean korritu ditu entzierroak, urtero, hutsik egin gabe, Estafetako kurban hasi, eta zezen-plaza bitarte: 300 metro pasa. Hiru aldiz zezenak harrapatu, eta hurrengo urtean berriz korrika egin duen bakarra da. «1972an, 1994an, eta 2004an harrapatu nau; azkena, gogorrena eta mediatikoena;
5 adarkada eman zizkidan Trigueñok. Nerekin tematu zen. 22 segunduz jo eta jo. Geldi! Geldi! Ez mugitu! esaten nion neure buruari. Geroztik, beldurrari aurre egin eta berriz korrika egin dut 6 urtez. Garbi neukan, erretiroa neuk emango niola neure buruari: ez zezen batek, eta ez beste inork».
Kritika guztien gainetik...
«90garren hamarkada gogorra izan zen. Fama hartu nuen, eta hori ez zidaten barkatu. Bultza egiten nuela, protagonismoa nahi nuela, ez nintzela nafarra... Mehatxatu egin ninduten, behin eta berriz... Protagonismorik ez dut bilatu. Metro gehien korrika egiten nituena ni nintzen, eta hainbeste urtean, ezagun egin naiz, besterik ez». Madinak, kritika guztien gainetik, oroitzapen onak dauzka, eta horiekin geratzen da. Orain, kostako omen zaio horiek guztiak ahazten: «dena botako dut faltan: goizeko beldurra; angustiak. Intimitatean beroketa ariketak. Nere kideak rekorridoan sartu eta elkarri egiten zaizkien hitz motzak. Paseilloa. Argazkien flash-ak. Indurain familiari kaso egitea. Artzaiak... Suziria entzun. Aurpegi izuak. Lekua bilatu. Zezenaren aurpegia ikusi. Emozioen eztanda... Ondorengo gosaria, komentarioak...».
Madinak ez ditu San Ferminak berehalakoan ahaztuko; eta seguruenera, ez San Ferminek ere, Madina.