Aneto, Pirineoetako haundiena

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 7a, 02:00

ANETO, 3.404 me­tro­ko altuerarekin, Pirineotako gailurrik garaiena da. Mala­de­ta­ko mazizoaren zati da eta Benasqueko bailaran kokatuta dago. Mazizo guztia bezala, Ane­to ere granitoz osatuta dago. Bere ipar aldean, 2.800 metrotik gora gutxi gora-behera, Pirineotako glaziarrik haundiena dago. Glaziarraren azalera 100 ha ingurukoa da, baina aldaketa klimatikoaren ondorioz asko atzera­tzen ari da. Azken 100 urte hauetan bere azaleraren erdia galdu duela estimatzen da eta aditu batzuen esanetan, urtzeak erritmo honekin jarraitzen badu, 40-50 urtetan glaziar osoa desagertu daiteke.
Mazizoko ur gehienek Esera ibaia sortuko dute, baina Anetoko elurren eta glaziarren urek Aigualluts siman amaitzen dute eta Aran bailaran ateratzen dira berriro, Garonaren, Frantzian itsasoratuko den ibaiaren, iturburu gisara.
Anetora igotzeak, bide arrun­tetik, ez du zailtasun gehiegirik. Hori bai, ibilbide luzea da eta fisikoki ondo  prestatuta egon behar da, bestela gogorra egin daiteke eta. Horrez gain, glaziarra zeharkatu behar denez kranpoiak eta pioleta behar-beharrezkoak dira urte osoan. Anetoko glaziarrak ez du malda haundirik, baina glaziar guztiek bezala pitzadurak ditu, eta beraz, adi ibili behar da. Udaran pitzadura horiek agerian daudenez glaziarrean ibiltzea errazagoa da, baina udarako arazoa ez dira pitzadurak, izotza baizik. Elurra urtu den lekuetan izotza aurkituko dugu eta material egokirik gabe gaizki ibiliko gara.
Bestalde, inguru hauetan arruntak izaten dira ekaitzak arratsaldean. Beraz, goiz atera behar dugu, goiz bueltatzeko, eta arratsalde hasieran aterpean egoteko.

Ibilbide erraza, baina luzea
Llanos del Hospitaletik, hotela dagoen inguruetatik, Plan de Estanys edo Pla de Be­sur­tara (1.890 m) joan behar da. Udaran bidea autoentzat de­be­katuta dagoenez bi aukera daude: oinez igotzea (1h30min) edo Benasqueko autobusean igo­tzea. Ero­soe­na bigarren aukera da, baina denbora izanik oso gomendagarria da lehenengoa egitea, Besurtara dijoan bailara benetan zoragarria baita.
Besurtatik Renclusara dijoan bidea hartu behar da. Bideak ez du galerarik. Oso ondo markatuta dago eta, lasai igota, hiru ordu laurdenean aterpean gara (2.160 m).
Aterpetik atera eta gora egin behar da, zuzen Mala­de­t­a aldera. Bakoitza nahi duen lekutik igotzen denez, bidezidor ugari ditu; hori ez da arazoa, denek leku berera eramaten baitute, Portillon Supe­rio­rreko lepora (2.908 m). Bide malkartsuak arroka artean egiten du gora eta mu­garrien laguntzekin Mala­de­tako lehenengo elurrak aurkitu arte igo behar da. Une horretan ezkerrera egin behar da Portillon Superior aurki­tzeko.
Egun ona bada, sarrera aurkitzea ez da zaila ekialdeko Maladeta gailurretik jaio­tzen den krestaren altuera leuntzen den lekuan baitago lepoa. Garrantzitsua da hortaz jabetzea, lepoko pasagunea galtzen bada eta gora jarraitzen bada, Anetoko glaziarrera pasatzeko lekurik ez baitago. Jende askok, igoeraren berotasunean, lepoa pasa eta gora jarraitzen du eta gero, ohartzen direnean, atzera egin behar dute denbora galduz, eta nekea areagotuz.
Portillon Superior delakotik ikusten dira, Anetoko gailurra eta bertara iristeko zeharkatu behar den glaziarra. Gailurra urruti ikusten da eta hona nekatuta iristen direnak aukera izaten dute damutu, eta aterpeko goxotasunera bueltatzeko.
Portillon Superiorretik Anetoko glaziar aldera jaitsi behar da. Jaitsiera malkartsua da, baina ez du inongo zailtasunik. Lehen jaitsi eta ia berehala glaziarrean sartzen zi­nen, baina gaur egun, klima aldaketa dela eta, glaziarra nahiko atzeratu da eta Porti­llo­netik jaitsi ondoren, ia ordu erdi luze ibili behar da glaziarrean murgiltzeko.
Glaziarretik gora eginez Coronaseko lepora iritsiko gara. Leku aproposa, haizeak jotzen ez badu, zerbait jateko eta indarrak berreskuratzeko.
Azken igoera geratzen da. Nahiko aldapatsua da eta udaran elur asko  urtu denean zati batzuetan izotza aurkitu daiteke. Beraz derrigorrezkoak dira hemen kranpoiak eta pioleta. Irristatu eta materialik gabeko jendeak metro asko beherago amaitzen du erorketan, elurraren eta izotzaren marruskadurak eragindako erredurekin eta zauriekin.
Mahomako pasagunea iri­tsi baino lehen, gure eskuinean, Punta Oliveras-Arenas gailurra (3.298 m) aurkitzen da. Nahi duenak, 10 minutu nahikoak ditu, eta, beste hirumilako bat egin dezake.
Paso de Mahoma delakoan, itxaroten dagoen jendearen arabera pazientzia gehiago edo gutxiago izan beharko dugu. Pasagunea ez da oso zaila. Arreta apur bat jarrita erraz pasatzen da. Hala ere, bertigoa duen jende asko ez da pasatzera ausartzen eta hemen gelditzen da. Horre­lako norbaitekin edo umeekin igotzen bagara, komeni da ­
30 metroko soka mehe bat eramatea, eta aseguratuz, pasa­tzen laguntzea, pena baita honaino igo eta zati honengatik gailurrera ez igotzea.
Jaitsiera, igo garen leku berdinetik egiten da.

Datu interesgarriak:

l Distantzia: 10 km.
l Denbora: 9-10 ordu.
l Desnibela: 1.500 m.
l Gailurrik altuena: 
Aneto (3.404 m).
l Zailtasuna: Ibilbide luzea. Egoera fisiko onean egon behar da. Kranpoiekin eta pioletarekin ibiltzen ohituta egon behar da. Bertigoa dutenek soka beharrezkoa, Paso de Mahoma delakoa pasatzeko.
l Beharrezko materiala: Kranpoiak, pioleta, eskularruak, betaurrekoak, eta mendiko bota onak.
l Noiz: Mendiriz Mendik
uztailaren 23 eta 25ean
egingo du irteera hau.
l Non kokatzen da
Posets-Maladeta Parke Naturala (Huesca). Benasquetik 13 km-ra dagoen Hospital de Benasquetik irteera.

Historia pixkat:
l  1817 urtean Henri Reboul kartografoak zehaztu zuen Anetoren altuera (3.404 m.). Ordura arte Monte Perdido jotzen zen Pirineotako mendirik garaiena.
l  1842ko uztailaren 20an lortu zen lehenengo aldiz Anetoko gailurra. Sei lagun abiatu ziren Bagneres de Luchonetik Aneto aldera: Platon de Tchihatcheff (ofizial errusiarra),  Albert de Franque­ville (botaniko normandiarra), Bernard Arrazu Ursule eta Pierre Redonnet  Nate (ehiztariak) eta Pierre Sanio eta Jean Sors (gidariak), azken hau Argarot izenarekin ezagutua.
l  Albert de Franquevillek gailurrera iristeko pasaguneari Paso de Mahoma jarri zion izena. Izenaren arrazoia  pasagunea igarotzeko mahometarrak otoi egiten dutenean bezala jarri behar delako omen da (belaunikatuta eta ekialdera begiratuz).
l  Cregüenyako krestan hirumilakoak diren hiru orratzek mendizale hauen izenak dituzte: Argarot (3.035 m), Tchi­hatcheff (3.052m) eta Franqueville (3065 m).
l  Renclusako aterpea 1916 urtean ireki zen.



Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!