Festak, herri kirolez lepo

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 7a, 02:00

Perurenatarrak, Paolla, Azkoneta, Arrospide eta Larraren ikuskizunez goza­tzeko aukera izango da Martindegiko festetan. Herri kirolek protagonismo berezia izango dute igandean urteroko moduan, eta aizkolari eta harrijaso­tzaileak arituko dira. Larunbatean, ordea, urtero eta jende gehiago biltzen duen proba izango da, Abere Dema.

Abere Dema, ikuskizun itzela
Zaldi proba larunbatean gaueko 23:00etan egingo da. 30 minutuko saioak izaten dira eta plazari bira gehien ematen dion zaldiak irabaziko du. 400 kg pisatzen dituzten zaldiek 900 kiloko harria eraman beharko dute bira horiek egiterakoan. Orain arte zaldi guztiek pisu bera eraman behar izaten zuten, 900 kg-koa, baina aurten ohitura hori aldatzeko erabakia hartu dute. Legeak dio zaldiaren pisuaren araberakoa izan behar duela harriaren pisuak. Lege horretan oinarritzea erabaki dute aurten antolatzaileek, eta beraz, zaldiaren pisuaren arabera kiloak gehituko zaizkio 900 kg-ko harriari.  Paollak dio aldaketa onuragarria dela: «Garbigoa da. Aberearen araberakoa delako harriaren pisua». Urnietako Mikel Azkoneta eta bera, Hernaniko Imanol Paolla, arituko dira lanean aurten. Ez da aurka aritzen diren lehenengo aldia, aurreko urteetan, zenbaitetan, aritu izan baitira San Ferminetan. Paolla oso mo­mentu onean dago, Bizkaian zenbait sari irabazi ditu eta indartsu dator apustura.

Aizkolariak: Paolla eta Larra, Arrospideren aurka
Herri kiroletan Larra eta Paolla arituko dira Arros­pi­deren aurka aizkoran. Azken hau profesionala da eta beste biak ez. Bederatzina enbor inguru moztu behar dituzte. Paolla eta Larrak txandaka egingo dute, bat barrutik eta bestea azaletik eta ondoren postuak aldatuz. Apustua go­gotsu hartu dute eta indartsu ekingo diote larunbatean lanari.

Perurenatarrak ere gogotsu
Perurenatarrak, bai Iñaki eta bai Inaxio ezagunak dira Euskal Herri osoan euren lanagatik. Aita-seme harri-jasotzaileak Martindegin dute zita igandean eguerdiko 12:00ak inguruan. Ez da festa hauetan lanean aritzen diren lehen aldia. Lehenago ere izan dira, bai Iñaki bakarrik eta baita biak batera ere. Harri jasotzaileek diote saio txukuna egiten saiatuko direla, askotan erakustaldia ematea edo markak haustea zaila izaten dela eta saio txukuna egitearekin konformatu beharra izaten dutela azaldu digute.
Perurenatarrek urteak daramatzate elkarrekin lanean baina azken aldian batera entrenatzeari  utzi diote: «Semeak bakarrik entrena­tzea egokiagoa dela pentsa­tzen du eta zenbait saiotan batera aritzen garen arren, kasu honetan bezalaxe, orokorrean bakarka gabiltza», dio Iñaki Perurenak.
Igandeko saioan sei zilindrorekin arituko dira. Guztiak ehun kilogramotik gorakoak izango dira, 260 kg-koa ere bizkar gainean hartzeko lana izango dute aita-semeek.
Esperientzia haundia izan dute biek harrijasotzaile moduan: «Hainbat motatako markak egin daitezke; bi eskuekin eginikoak, esku bakarrarekin eginak eta harri bera zenbaitetan jarraian altxatzekoa», dio aitak. Iñakik bi eskuekin 360 kg-ko zilindroa altxatu du, esku bakarrarekin 267 kg-ko pisua duen harria eta 1.700 aldiz ehun kilogramokoa.

Zein etorkizun du herri kirolak?
Kirolaren etorkizunaz galde­tzean, Iñaki Perurenaren erantzuna beste galdera bat izaten da maiz: «Nola ikusten duzu Euskal Herriaren etorkizuna?». Erantzun batek bestearentzako ere balio duela dio. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!