Udaberri eta udarako arropa merkexeago erosteko aukera izaten da Hernanin, uztailaren 1etik aurrera, merkealdiak direla eta. Aurten, dendari batzuk ohiko deskontuekin hasi dira, %20 edo %30. Beste batzuk berriz, erdi preziora jaitsi dute arropa, ahalik eta azkarren saltzeko. Hernaniko Kronikak herriko hiru komertziorekin hitz egin du, Kera, Eukene eta Maukarekin hain zuzen, eta hirurak bat datoz salmenten nondik norakoarekin.
«Teorian, lehenengo egunetan ibiltzen da
jende gehien»
Karmentxuk (Kera), eta Eukenek (Eukene) aurreko urteetan baino jende gutxiago dabilela azpimarratu dute, eta salmentak, momentuz, mantxo dijoazela. Karmetxuk dio merkealdietako aurreneko egunetan ibiltzen dela jende gehien, eta aurten, salmenta beherakada zertxobait nabaritu dela. Eukenek gaineratu du, kanpaina bera ere arraro xamarra joan dela, eta espero zuela merkealdiak ere paretsu joatea: «bezeroentzat merkealdiko lehenengo egunak izaten dira onenak, eta egun horietan ez bada jendea ibiltzen... gainerako asteak nolakoak izango diren imagina dezakezu».
Nagorek (Mauka) aldiz, beherapenak beste modu batera bizi ditu aurten. Obrak medio, berehala dira denda ixtekoak, eta arropa ahalik eta azkarren saltzeko, %50eko beherapenekin hasi dituzte merkealdiak. Azaldu duenez, aldea nabaritzen da: «gure kasuan, aurreko urteetan baino jende gehiago dabil. Normalean, beherapenak deskontu txikiagoarekin hasten ditugu, baina egin behar ditugun obrak medio, hala hastea erabaki dugu, eta momentuz, erantzun ona izan dugu».
«Ikusitakoa erosi, edo momentuan aukeratzen dute; denetatik dago»
Askok, lehendik ikusitako galtza, alkandora, jertsea edo nikia merkeago erosteko aprobetxatzen dituzte merkealdiak; beste batzuk, dendan deskontua duen guztia ikusi, eta nahi dutena momentuan aukeratzen dute; hiru dendariek koinziditzen dute horretan. Merkealdiak zentzu ezberdina dute bezero batzurentzat eta besteentzat, baina normalean, guztiak joaten dira presupuestoa aurrez pentsatuta: «beti izaten da espero zuena baino gehiago erosten duen norbait, merkealdiak aprobetxatzen dituena. Baina normalean, eta krisi garaian gehiago, jendeak presupuestoa zehaztua izaten du eta horren arabera aukeratzen du erosiko duena».
Erosle gehienak bertakoak, eta inguruko herrietakoak
Hernaniko komertzioak izaki, merkealdietako bezero gehienak bertakoak, herrikoak izaten dira. Hala ere, inguruko herrietatik bereziki arropa erostera etortzen direnak ere izaten dira; hala azaldu dute hiru dendariek. Goizueta, Urnieta, Astigarraga eta Andoaingoak dira, normalean, bezero horiek.