MARTXOAN hasi, eta pasa berri den asteburua bitartean, plater tiroko Erregularitate Torneoa aritu dira jokatzen Txantxangorri elkarteko bazkideak. Torneoa modalitate ezberdineko bost tiralditan jokatu da, aurreneko lauak Santa Barbaran, eta azkena Oiartzunen: Trap Americano modalitatea, Foso Unibertsala, Trap Bikoitza, Mini Fosoa eta Rekorridoa.
Torneoko irabazlea, Luis Mari Cerain
Tiraldi guztiak kontuan izanda, 115 plater jarri dira jokoan aurten, eta punteria onena izan duena, abilezia haundiena erakutsi duena, Luis Mari Cerain hernanirra izan da, 84 botata. Sailkapen orokorrean bigarrena Asier Tejada izan da, 80 plater botata; eta hirugarrena Lazaro Oyarbide, 80 botata.
Torneoko sari banaketa larunbatean egin zuten, Santa Barbaran, eta amaituta, luntx eder baten bueltan elkartu ziren partehartzaile guztiak. Bestalde, antolatzaileek gogoan izan zuten orain gutxi hil zen Jose Luis Argote bazkide eta torneoko partehartzailea.
Rekorridoko azken tiraldian, Lazaro Oyarbide onena
Torneoko azken tiraldia, Rekorridokoa, larunbatean jokatu zen Oiartzungo Arkale tiro eremuan. Bertan izan ziren Txantxangorriko 19 ehiztari, eta guztien artean onena Lazaro Oyarbide izan zen. Oyarbidek jokoan zeuden 25 plateretatik 21 bota zituen. Rekorrido tiraldiko bigarren sailkatua Jesus Arrieta izan zen, 20 botata; eta hirugarrena, Antonio Redondo, 18 botata.