hamaika eta hamabi urteko gaztetxo hernaniarrak kirol udalekuetaz gozatzen ari dira atzotik. Bi astez, uztailaren 15a bitartean, 96 gaztek hainbat kirol praktikatuko dituzte, 8 begiraleren zaintzapean: errugbia, orientazioa, eskalada, herri kirolak, boleibola... Udaleku irekiak astez izango dira, astelehenetik ostiralera, eta gazteek lau taldetan banatuta hartuko dute parte kirol eta ekintza ezberdinetan.
Ur eta lehorreko kirolak, udarako lehenengo egunetan
Herriko kirol instalazioak aprobetxatuta, ekintza edo kirol gehienak Hernanin bertan praktikatuko dituzte. Gainera, kirol batzuk praktikatzeko monitore espezializatuak izango dituzte: kayak, eskalada eta orientazio probetarako, hain zuzen.
Atzo hasi, eta ostiralera bitartean, 96 gazteek ondorengo kirolak praktikatuko dituzte: herri kirolak, Leitzaranera oinez joatea, patinak, errugbia, orientazioa eta ur parkean igeriketa.
Bigarren asterako berriz, antolatu dituzte kayakak hondartzan, eskalada, boleibola, igeriketa eta herri kirolak. Eta bi asteak taldeetan banatuta pasa ostean, azkeneko egunean, hilaren 15ean, ginkana egingo dute elkarrekin gazte zein monitore guztiek.