Hernanik «ez» esan zien eraso sexistei

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 5a, 02:00

AHO batez, Plazan bildurik, milatik gora pertsonek «ez» esan zieten atzo eraso sexistei. Kon­tzentrazioan bildu ziren ume, gazte, heldu zein aiton-amonak, gizon zein emakumeak, bertakoak zein kanpokoak, Rosario Roman de la Fuente erail eta Yolanda Sanchez Ro­man bere alaba larri zauritu izana salatzeko. Ordu laurdeneko isilunea egin zuten, Eraso matxistarik ez tolerantzia zero eta Eraso sexistarik ez lemapean. On­doren, Kardaberaz kalea jaitsi, eta Nagusia igo zuten, erasoa gertatu zen lekura bidean. Bertara iritsi, eta omenaldi txiki bat egin zien Udalak, Ber­dintasun Ko­ntseiluak eta Txoko Femi­nistak bi biktimen familia eta lagunei. Ondoren, Manolo Ro­man, hildakoaren anaiak hartu zuen hitza, eta bihotzez eskertu zien herritarrei eta Udalari emandako babes guztia. Ome­naldia txalo zaparrada batekin bukatu zen.

Yolanda Sanchezek hobera egin du

Donostia Ospitaleko medikuek atzo eman zuten parte medikuaren arabera, Yolanda Sanchezek hobera egin du, eta  plantara igo dute.

Ustezko hiltzailea Martutenera eraman dute
Ustezko hiltzailea atzo pasa zen epailearen aurretik, Emakumearen aurkako indarkeriaren Do­nostiako epaitegian. Epaileak Martuteneko espe­txera bidali zuen.

Plenoak aho batez onartu zuen Udalaren adierazpena
Manifestazioaren eta hiletaren aurretik, Udalak ez ohiko plenoa deitu zuen atzo arratsaldean, adierazpena onartzeko. Aretoa herritarrez gainezka zela, aho batez onartu zuen adierazpena; matxismoaren erruz gertatutako hilketaren aurrean Hernaniko Udala, Ber­dintasun Kontseiluak eta Txoko Feministak egindakoa, hain zuzen. Bertan, Uda­lak gogor salatzen du  ustez bere bikote ohiak Ro­sario Roman de la Fuente erail eta bere alaba larri zauritu izana.
Luis Intxauspek irakurri zuen adierazpena eta bertan, hilketa eta erasoa salatzeaz gain, hausnarketa sakonago bat egitea beharrezkoa ikusten dutela azpimarratu zuen: «emakumeen aurkako indarkeria gure jendartean ematen den arazo larrienetakoa da. Erailketak muturreko indarkeriaren muturreko adierazpen diren arren, jasaten dugun egoeraren ondorio zuzena dira; gizon eta emakumeen berdintasun ezaren adierazgarri». Segidan adierazi zuen, gizonen zeregina ere aldarrikatu nahi dutela: «arazo hau ez da konponduko guztion parte hartze eta ekimenik gabe».
Azkenik, adierazpenean diote, berdintasun erreala lortzeko behar diren politikak aurrera eramatea beharrezkoa dela, eta baita horrek eskatzen dituen bitarteko guztiak martxan jartzea ere.
Hala Udalak ondorengo sei puntuekin bukatzen du adierazpena:  «1. Udalak gogor salatzen du igande goizaldean izandako erailketa eta erasoa; 2. Yolanda San­chez Roman ahalik eta azkarren sendatzea desio du eta bere elkartsuna eta babes osoa adierazten diote bai be­rari eta bai Rosarioren familia eta lagunei. Udalak kasu hauetarako eskura dituen bitartekari guztiak ere eskaintzen dizkiete; 3.Uda­lak kon­promezua adierazten du emakumeen aurkako indarkeria jasaten duten emakumeek egoera horri aurre egiteko baliabideak izan ditzaten; 4. Emakume eta gizonen arteko  berdintasun eta harreman onetan oinarritutako herria eraikitzera konprometitzen dira; 5. Herritarrei dei egiten diete horrelako ekintzak sala­tzeko konpromisoa har dezaten. 6. Udaletxean ikurriña masta erdira jaitsiko da krespoi beltza jarriaz, eta bandera lila bat jarriko da, hilketa eta eraso hau gogor gaitzesten dela adieraziz». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!