Emakume bat hil eta bere alaba zauritu zituzten atzo goizean laban batekin, Urbieta kalean

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 4a, 02:00

Hernaniko emakume bat hil zuten atzo, goizeko 05:30­ak aldera, Urbieta eta Iz­pi­zua ka­leak bat egiten duten puntuan. Rosario Roman De la Fuente, 55 urteko hernaniarra, ustezko bikote ohiak hil zuen, labankadaz. Honen ala­ba, Yolanda Sanchez Ro­man 30 urteko hernaniarra ere zauritu zuen eraso­tzai­leak, eta Donostiako Ospita­lera eraman zuten. Ustezko hil­tzaileak, 42 urteko Fredy Apolok, ihes egin zuen eta Udaltzaingoak eguerdiko 14:20etan atxilotu zuen, Portu auzoan. Ertzain­tzaren arabera, Apolok aurrekariak zituen, tratu txarrengatik. Ertzaintzak hilketa aztertzen jarraitzen du.

«Ekintza hau eta emakumeen aurkako guztiak gaitzesten ditugu»

Luis Intxauspe Alkateak, Iran­tzu Jauregi Berdintasun Tek­ni­kariak eta Txoko Femi­nis­tako bi kidek prentsaurrekoa eman zuten atzo eguerdian, hilketa gaitzetsi eta salatzeko. Alkateak azaldu zuen, emakumeen aurkako eraso berri bat dela atzo goizekoa, eta Udalak «duen indar guz­tiarekin, gogor gai­tzesten» duela ekintza hau, eta emakumeen aurkako beste edozein ekintza. Udalak duen in­formazioaren arabera, eztabaida ba­ten ondoren, ustezko hil­tzaileak 55 urteko hernaniarra hil, eta bere alaba zauritu zituen, laban ba­tekin. Intxaus­pek adierazi zuen, alaba Donostiako Ospi­talean dagoela, eta eskuartean zuten azken informazioaren arabera, arriskutik kanpo dagoela.

Protokoloa, martxan

Hilketaren ondorioz, Udalak emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako zehaztuta duen protokoloa jarri zuen martxan. Honen arabera, familiari laguntza juridikoa eta psikologikoa emango dio Udalak, eta momentuan momentuko lagun­tza ere emango diete.

Bozeramaile Batzordea, ez ohiko Plenoa eta kontzentrazioa, gaur

Udalak, Berdintasun Kon­tsei­luak eta Txoko Femi­nistak hainbat deialdi egin dituzte gaurko. Eguerdian, 12:00etan, Bozera­mai­le Ba­tzordea bilduko da. Arra­­tsaldean, 18:00etan, ez ohi­ko Udalbatza edo Plenoa egingo da, gertaera salatzeko. Eta azkenik, arratsaldeko 20:00­etan, gai­tzespen ekintza edo kontzentrazioa burutuko da Plazan.

Oposizioak bat egin du deialdiekin, eta hilketa eta erasoa gaitzetsi dute

EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiek ere gogor gaitzetsi dute atzoko hilketa eta erasoa, eta prentsa ohar bidez, hiruek adierazi dute bat egiten dutela gaurko deitu dituzten ekitaldiekin. EAJ alderditik, Andoni Amonarraizek adierazi du bat egiten dutela gaur egun guztian egingo diren ekitaldiekin, hala nola, Bozera­maile Batzor­dearekin, Ple­noa­rekin eta kon­tzen­trazioarekin. Gainer­a­t­u du, zoritxarrez, beste genero in­darkeria kasu baten aurrean gaudela, oraingo honetan, Her­nanin bertan gertatutakoa, eta alderdiak gogor gaitzesten duela: «barru-barrutik salatu eta gaitzetsi nahi dugu atzoko hilketa eta erasoa partikularki, eta genero indarkeria orokorki, eta familiari gure dolumin eta babes guztia eskaintzen diogu». Alderdi sozialistako Es­tefania Morcillok gogor kondenatu du Rosario Romanen hilketa, eta alaba azkar sendatzea espero due­la adierazi du. Morcillok gizarteari es­katu dio tratu txarrei aurre egiteko, eta gaurko kontzentrazioan Pla­za betetzeko: «hernaniarrei etxean ez geratzeko eskatzen diet. Gaur Plaza hartu behar dugu, eta genero indarkeriari eta tratu txarrei elkarrekin egin behar diegu aurre, elkarrekin egin behar dugu oihu». Alderdi sozialistak ere bat egingo du gaurko deituta dauden ekitaldi guztiekin. Azkenik, Iñaki Arratibe­lek, Hamaikabaten izenean guztiz salatu du emakumearen erailketa eta alaba larri zauritu izana: «lehenik eta behin doluminik beroenak hildakoaren eta zauritutakoaren senitarteko eta lagunei. Aldi berean, zauritutako neska azkar sendatzea espero dut». Horrez gain, gaineratu du, eraso sexistak ez direla etxe barruko gaiak, eta erakunde zein herritarren inplikazioa beharrezkoa dela horrelako portaerak gizartetik desagertzeko: «hernaniarrak gaur eta datozen egunetan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu, erailketa bortitz honen aurrean ezin baita beste aldera begiratu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!