Hernaniko emakume bat hil dute gaur, goizeko 05:30ak aldera, Urbieta eta Izpizua kaleak bat egiten dute tokian. Rosario Roman De la Fuente, 55 urteko hernaniarra, ustezko bikote ohiak hil du, labankadaz. Honen alaba, Yolanda Sanchez Roman 30 urteko hernaniarra ere zauritu du erasotzaileak, eta Donostiako Ospitalera eraman dute. Ustezko hiltzaileak ihes egin du, eta Ertzaintza bere bila dabil.
«Ekintza hau eta emakumeen aurkako edozein eraso gaitzesten dugu»
Luis Intxauspe Alkateak, Irantzu Jauregi Berdintasun Teknikariak eta Txoko Feministako bi kidek prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian, hilketa gaitzetsi eta salatzeko. Alkateak azaldu du, emakumeen aurkako eraso berri bat dela gaur goizekoa, eta Udalak «duen indar guztiarekin, gogor gaitzesten» duela ekintza hau, eta emakumeen aurkako beste edozein ekintza. Udalak duen informazioaren arabera, eztabaida baten ondoren, ustezko hiltzaileak 55 urteko hernaniarra hil, eta bere alaba zauritu du, laban batekin. Intxauspek adierazi du, alaba Donostiako Ospitalean dagoela, eta jaso duten azken informazioaren arabera, bere bizitza ez dagoela arriskuan.
Protokoloa, martxan
Hilketaren ondorioz, Udalak emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako zehaztuta duen protokoloa jarri du martxan. Honen arabera, familiari laguntza juridikoa eta psikologikoa emango dio Udalak, eta momentuan momentuko laguntza ere emango diote.
Bozeramaile Batzordea, ez ohiko Plenoa eta kontzentrazioa, bihar
Udalak, Berdintasun Kontseiluak eta Txoko Feministak hainbat deialdi egin dituzte biharko. Eguerdian, 12:00etan, Bozeramaile Batzordea bilduko da. Arratsaldean, 18:00etan, ez ohiko Udalbatza edo Plenoa egingo da, gertaera salatzeko. Eta azkenik, arratsaldeko 20:00etan, gaitzespen ekintza edo kontzentrazioa burutuko da Plazan.