1984tik hona, hau da, azkeneko 26 urteetan idatzi dituzun
bertsopaperekin liburu bat egin berri duzu eta asteazkenean
aurkeztu zenuen Errenterian. Zer suposatu du zure bertso guztiak liburu batean izateak?
Auspoakek nire bertsoak argitaratzea ohore bat izan da. Ilusio haundia egiten du.
Diozu, ez duzula helburu berezi batekin egin; familiak, lagunek eta hainbat bertsozalek
irakurtzearekin gustura
egongo zinatekeela.
Bai, hala da. Asteazkenean, aurkezpen egunean hainbeste jende ikusita, harrituta gelditu nintzen.Horietako askok, liburua aurrez jasotakoak, jada irakurrita omen dute egunotan.
900 bertso jasotzen ditu liburuak. Nola iritsi da Julian Albistur 75 dozena bertso idaztera?
Guztira 900 bertsoz osatua dago liburua. Konturatu gabe, gauzak dozenaka pilatu zaizkit arrautzak bezala, hain biribilak ez badira ere: 75 dozena bertso, 7 dozena bertso-sorta, dozena eta erdi doinu, 2 dozena urte inguru sortzen, eta dozena pasatxo sari guztiak batuta. Beraz, dozenarekin hainbeste `poto´ jarraian egin ondoren, gehiegi pentsatu gabe, izenburua asmatzea erraza da: `Dozenaka Sortuak´.
Bertso sortak ere, 84 dira liburuan. Guztiek izango dute bere historia propioa, baina lehenengoarena berezia da. 1984ko Kilometroak Oreretan egitea lortu zenuten, eta horren bueltan idatzi zenituen. Nola islatu zenuen momentu hura hamabi bertsoko sortan?
Lehiaketa batera bidalitako nire lehen sorta izan zen, eta oso berezia. Kilometroak 84 bera oso barrutik bizi izan nuelako.
Kilometroak 84ko abestia ere, testu horiek erabilita egin zuten.
Ondoren, Xenpelar Sarira
aurkeztea erabaki zenuen. Kasu honetaz gain, beste hainbatetan ere lehiaketetara aurkeztu izan zara ez? Zein sari irabazi
dituzu?
Saritutako sorta guztiak liburuan daude aipatuta (eta beheko taulan). Guztira bost lehenengo sari irabazi ditut, Basarri lehiaketa behin, San Antontxu bitan, eta Urretxu-Zumarragakoa beste bitan. Bi bigarren sari, eta hirugarren bat eta hiru akzesit ere irabazi ditut.
Zein gai jorratzen dituzu
liburuan jaso dituzun
bertso edo bertso-sortetan?
Asko jorratu ditut; sarituen zerrendan dauden hamalau gaiez gain, beste batzuk, ondorengoak dira: txirrindularitza, hildakoak, kilometroak, ikastolak, Iñurrategi anaiak eta Pasaban, bertsolaritza, euroa, krisialdi desberdinak, Errenteriako udala, Hiesa, Hirishima eta Nagasaki...
Azken mende laurdeneko bertsoak argitaratu izanak ez du zure sormena itzali ezta?Bertsoak egiten jarraitzeko asmorik bai?
Momentuz bai, jarraitzeko asmoa dut. Oraindik gogotsu sentitzen naiz. Ez dakit noiz arte.