Bost eguneko festaren ondoren, atzo iritsi zen San Joanei agur esateko eguna. Halaxe egin zuten gauerdian Plazan bildutako herritarrek, bandera jaitsierarekin batera. Ardura hori Musika Banda eta Akelarreak izan zuten eta bi talde gonbidatu ere izan ziren: CD Hernani futbol taldea eta Hernaniko pelota elkartea, aurten lortutako emaitzak direla eta. Baina jaiak agurtu aurretik, azken egunean ere ekitaldirik eta girorik ez zen falta izan. Eguna, Dianarekin esnatu zen eta ondoren, Sokamuturra eta Axeri Dantza izan ziren. Sokamuturra musikatua izan zen atzokoa.
San Joanetako azken eguna izaki, Baserritarren Eguna izan zen atzo, Elur Txori elkarteak antolatuta. Hasteko, idi-dema erakustaldia izan zen Plazan. Iñaki Intxaurburu hernaniarra eta Inaxio Telleria lasartearraren idi parea lehiatu ziren 1.500 kiloko harriarekin. Lasartearra nagusitu zitzaion hernaniarrari 52 plaza eginda. Intxaurburuk 46 egin zituen.
Ondoren, Urrezko Aizkorako Txapelketako kanporaketa jokatu zen Tilosetan. Juan Jose Lopez Azpilikueta erraz nagusitu zitzaion Iñaki Azurmendiri; proba guztietan irabazi zion.
Pelota partidak eta
‘bailableak’, arratsaldean
Arratsaldean, pelotazaleen gozamenerako, pelota jaialdia izan zen kiroldegiko pelotalekuan. Horrez gain, Tilosetako bailableak itzuli ziren atzo, San Joan Konpartsaren eskutik. Garai ederrak gogora ekarri zituzten askok eta askok.
Aurtengoz San Joanak bukatu dira, baina 360 egun besterik ez dira falta datorren urterako!