Laugarren urtez, idi dema izango da ikusgai gaur Plazan, Baserritarren Egunaren harira antolatuta. Elur Txori elkarteak azken urteetako protagonista berberak ekarri ditu Hernanira: Hernaniko Iñaki Intxaurburu eta Lasarteko Inaxio Telleria, eta bakoitzaren idi parea.
San Joanetako idi dematan, Telleria garaile oraingoz, 2-1
Apusturik ez dago beraien artean, baina lehiakortasuna bai; «bi lagun onen arteko pike sanoa», Iñaki Intxaurbururen esanetan. Hernaniarrak aukera izango du aurten orain arteko San Joanetako idi dematako markagailu orokorra berdintzeko. Lehenengo bi edizioetan Telleria izan zen garaile; iaz ordea, Intxaurbururen idi parea izan zen irabazle. Hernaniarraren idiek 41 plaza eta 4 metro egin zituzten 2010eko edizioan, eta Telleriarenak 35 plaza eta erdi.
Telleriaren ustez ez da erraza izango garaipena eskuratzea: «Intxaurbururen idi parea oso ona da, eta nahiz eta nereek indar haundia izan, ez dakit beraien mailara iristen diren. Hala ere, saiatuko naiz irabazten, irabazteko intentzioarekin ateratzen baikara beti».
1.500 kiloko harriarekin aritu beharko dute lanean idiek. Intxaurburuk, ohiko parea aldatu eta idi gaztexeago bat jartzeko intentzioa azaldu du, orain arte emaitza oso onak eman dizkiona.
Espektazio haundia, urtero
«Oso pozik gaude jendeak idi demekin izan duen erantzunarekin; urtero jendetza biltzen da», diote biek. Izan ere, hainbat herritan mantendu egin bada herriko festetan idi demak egitearen ohitura, Hernanin galdua izan da urte luzez. «Hemen inguruan egiten dira hainbat herritan. Adibidez nik aurten Ergobian lehiatzeko aukera izango dut» dio Intxaurburuk. Hernanin 2008an hasi ziren berriro ere erakustaldia antolatzen eta urtero jendetza bildu da ikustera; aurten ere, hala espero.