PASODOBLEAK, tangoak, boleroak, baltsak, habanerak eta rantxerak, Hernaniko kaleek igandero izaten zuten doinuaren islada zuzena dira. Udan egiten ziren Bailableak Gipuzkoako erreferente izan ziren. Tilosetako pasealekuan, kioskoaren inguruan, biltzen ziren herri ezberdinetako gazteak dantza egin eta Hernaniko Musika Bandaren abestiak entzuteko asmoz.
Egun garrantzitsu eta jendetsuena igandea zen arren, ostegunetan ere dantzaldiak herriaren ohitura ziren, arratsaldeko 18:00etan hasi eta 22:00ak bitartean zen hitzordua. Neskameak eta militarrak izaten ziren normalean azken horietan parte-hartzen zutenak, eta igandeetan aldiz, beste herrietako eta Hernani bertako herritarrak izaten ziren protagonistak.
1861 urtean, herriko gazte batzuek Musika Banda bat sortzeko erabakia hartu zuten eta gerora banda hori izan zen Tilosetako bailableetan entzuten zen musikaren sortzailea.
Frankismoan, zentsura
Bailableak 1936ko gerra baino lehen jada ezagunak ziren. Frankismoaren ondorioz, aldiz, zentsura bizi izan zuten. Frankismoaren azken urteetan pieza batzuk jotzea debekatu zuten, eta hori betetzen zela jakiteko zenbait arduradun izendatu zituzten. Don Geronimo maixua eta Don Fidel apaiza izan omen ziren guztia kontrolatzen zuten arduradun horietako batzuk. Abesti, film, errepertorio eta ospakizunetako programa guztiak errebisatzen zituzten. Bailableek gerora, 1950 eta 1970 hamarkadetan, izan zuten momentu gorenena.
Bandaren erritmoarekin dantzatzera Gipuzkoa osotik hurbiltzen zen jendea. Adin guztietako jendea izaten zen Tilosetan, eta horietako askok Lizeaga kalean zegoen Bixentarena zapata dendan alpargatak erosten zituzten, normalean erabiltzen zituzten zapatak baino erosoagoak zirelako.
Mutilek txapa bat erosi behar izaten zuten
Finantziazioa txaperoen bitartez lortzen zuen Musika Bandak. Mutilek neskekin dantzatu ahal izateko, txapa bat erosi behar izaten zuten, horrekin arratsalde osoan dantza egiteko aukera izaten zuten. Horrez gain, herriko ostalari eta tabernariek kuota bat ordaintzen zioten Musika Bandari. Azken finean, bailableek herrira jende asko gerturatzea eragiten zuten eta hori euren produktuen salmentarako aitzakia paregabea zen.
Zenbait egunetan, boikota
Urte sasoiaren arabera, herriko leku ezberdinek izaten zuten festaren erdigune izateko aukera. Pentekostes jaietatik (maiatza ingurua), urriaren 12ra bitartean, dantzaldiak Tilosetan izaten ziren, baina negu partean, udaletxeko arkupeak izaten ziren eszenatoki.
Astero egiten zen dantzaldia, baina egun zehatzetan jendeak boikota egiten zion. Horren adibide ziren: urriaren 12a (Guardia Zibilen eguna), irailaren 13a (Hernani Frankisten esku geratu zen eguna) eta uztailaren 18a (Altxamendu Nazionalaren eguna). Egun horietan, jendeak, alpargatak eta asteroko ohitura alde batera utzita, ez zuen dantzatzen, eta egiten zuten militar gutxiei txistu egiten zien.
Bandak hiru txandatan jotzen zuen, tartean bi deskantsu izaten zituen eta orduan Hernaniko txistulariak entzuteko unea izaten zen. Dantza sueltoak eta agarratuak tartekatzen ziren beraz, errepertorioan. Deskantsuetan jendea Buxkando edo Egaña tabernara joaten zen bokadiloa eta sagardoarekin meriendatzera.
Bikote asko ezagutu ziren bertan
Bailableak 1970eko hamarkadan amaitu ziren arren, Hernanin oroitzapen itzelak utzi ditu. Bikote asko eta asko bertan ezagutu zirela jakina da herrian. Baina mutilek diote euren lana ez zela lan makala izaten. Mutila neskarengana gerturatzen zen eta mesedez dantzatzeko eskatzen zion, baina zaila izaten omen zen baiezkoa jasotzea. Neskek gainera, eurak nahi zuten mutilarekin dantzatzeko teknikak asmatu zituzten. Neskak neskekin dantzatzen zuten eta gustatzen zitzaien mutilaren ingurura joaten ziren dantzan eta gertu zegoela ikustean, bikote aldaketa egiten zuten.
VICTORIANO ROSADO - Txapero ohia: «Mutil askok, dantzan ari zirela, gu ikusi eta hizketan ariko balira bezala egiten zuten»
Tilosetan lanean aritzen ziren txaperoetako bat da Victoriano Rosado. 1962 eta 1975 urte bitartean aritu zen ‘bailableetan’ lanean eta esperientzia paregabea izan zela dio.
Zein zen txaperoek egiten zenuten lana?
Guk dantzatu nahi zuten mutilei diru kopuru bat kobratzen genien, ordaintzen zutenean kartoiz eginiko txapa jartzen genien orratz batekin soinean eta hala arratsalde osoan nahi adina dantza egiteko aukera izaten zuten. Dantzatu nahi ez zutenek ez zuten ezer ordaindu behar, eta mutilek soilik ordaintzen zuten. Horrez gain aulkiak eta atrilak akademiatik kioskora eramaten genituen, estandartea jarri eta baita kioskoa txunkundu ere.
Hilean 1.000 pezeta irabazten baziren, 15 kobratzen genituen txaperoek; bestea, bandarentzat izaten zen.
Zenbat ordaindu behar izaten zuten dantzatzeko?
Prezioa urteen poderioz aldatzen joan zen. Hasi nintzenean bi pezeta ordaindu behar izaten zituzten, baina urteak aurrera joan ahala 20 pezeta kobratzera iritsi ginen.
Mutilek beti ordaintzen zuten?
Bazeuden ordaindu gabe dantza egiten saiatzen zirenak. Neskarekin dantzan aritu, gu ikusi eta hizketan ariko balira bezala egiten zutenak, baina normalean harrapatu eta ordaintzera behartzen genituen. Askotan aurreko asteko txaparekin azaltzen ziren, gu engainatzeko asmoz, baina ez zuten beren helburua lortzen, txaparen kolorea, zenbakia edo forma astero aldatzen genuelako. Bestetik, bazeuden propina ematen zigutenak ere. Denetik zegoen, gaur egun bezala.
Baina deigarria egiten zait oraindik gazte batek egiten zuena. Astero, berez ordaindu behar zuenaren bikoitza ematen zion aurkitzen zuen txaperoari, eta hori bagenekienez denak bera noiz agertuko zain egoten ginen.
Jende askok dantzatzen zuen, zenbat txapero aritzen zineten batera lanean hainbeste jende kontrolatzeko?
Igande batzuetan sei inguru aritzen ginen, eta egia da, Tilosetako pasealekua guztiz betetzen zen. Garin tabernaren inguruan dauden eskileratatik udaletxera bidean dagoen arkuperaino. Giro izugarria egoten zen, jendea oso pozik aritzen zen dantzan, eta horren ondorioz astero errepikatzen zuten, eta kioskoaren ingurua jendez betetzen zen. Txaparik gabe geratu eta berriak egiteko eskatzera ere joan behar izan genuen hainbatetan.
Nola bereizten zineten bertan zeuden mutilengandik?
Txapela berezi bat eramaten genuen buruan, bandaren ikurra zeraman txapela urdina. Ezagunak ginen oso, behin Espainiako probintzia batera bidaiatu eta hara non, mutil gazte batek Hernaniko txaperoa ote nintzen galdetu zidan...
Pasadizo berezirik oroitzen duzu?
Mila pasadizo ditut buruan. Ez dut inoiz ahaztuko txistuaren txanda izaten zenean kanpotarrek, erdaldunek, nola egiten zuten ansorenatarren aurka 1960ko hamarkadan. Oinarrian gatazka ideologikoa ere bazegoen. Egun batean herritarren pazientziak gainezka egin zuen. Hernaniarrek euskal identitatearen aurkako erasoa zela sentitu zuten eta borroka izugarria izan zuten Tilosetan. Aurkakotasun horren ondorioz, ansorenatarrek festan jotzeari utzi zioten.