GAZTEENEK bi berotualdi hartuko dituzte gaur: bat, eguraldiak emana; bestea, erraldoi eta buruhaundiek. Horrez gain, zurezko jolasak eta pottokak eta xexenak ere izango dituzte.
Helduen bizkarrak berotuko dituztenak, Axeri Dantzakoak, gaur, bigarren egunez, San Joanetan. Atzo, beteranoetako batek maxkuria zintzilikatu zuen betirako: Xabier Arnaizek, hain juxtu; eta agur berezia eskaini zien bere kideek.
Dantza zaleek, bi txaranga dituzte: Santa Barbara, eguerdian; eta Nekaezinak, goizaldean. Ttarla dantza taldea arratsaldez, Fermin Valencia kantautorea bezala. Gauean: Kupela taldea, Binilozko xiringak, eta Meav Heav beste lau talderekin.
Lujanbio, Arzallus, Rezola eta Gaztelumendi...
Bertsoak ere izango du lekua gaur, San Joanetan. Gudarien plazako tabladuan, lau bertsolari haundi ariko dira, Gorka Tolosak gaiak jarrita: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi.