kostako zaio Hernaniko beste pelotari bati Gorrotxategik lortutako marka etorkizunean berdintzea: atzelari hernaniarrak Herriarteko Txapelketako zazpigarren finala jokatuko du bihar, Atano IIIean, Donostiaren aurka. «Egia esan ez nintzen gogoratzen, lehengo egunean esan zidaten. Ez naiz jarri pentsatzen zenbat final jokatu ditudan; baina errepaso azkarra eginda, aurtengoa zazpigarrena da: bi kadeteetan; bi jubeniletan; eta bi afizionatuetan, biharkoarekin hirugarrena», aitortu dio Gorrotxategik Kronikari.
Gorrotxategik finaleko partidua irabazten duenean, txapela Hernanirentzat
Gorrotxategik 2002an hartu zuen parte lehenengo aldiz Herriarteko Txapelketan, eta lehenengoan sari potoloa lortu zuen: Lasarteren kontra, txapela etxera eraman zuen.
Ederki akordatzen da final guztietaz, eta bata bestearen atzetik botatzen du arerio bakoitzaren izena, eta bere bikotearen deitura. Kuriositate moduan, Hernanik txapela, Gorrotxategik bere partidua irabazi duenean eskuratu izan du. Atzelari hernanirrak finaleko partidua galdu izan duenean, txapela ere galdu izan dute.
Biharko, prest
Aurreko bi edizioetan Bergara eta Azpeitiaren aurka galtzearen arantzatxoa kendu nahi du Gorrotxategik, «azken bi urteetan baino hobeto iritsiko gara finalera, bai Ojuel eta baita ni ere. Afizionatuetako puntua ez da ziurra, ez dakit irabaziko dugun, baina ziur nago gogor borrokatuko dugula; txapelak Henanira ekartzeko ahalegin guztia egingo dugu». Gorrotxategiren esanetan, finaletako oroitzapenik onena, garaipenak kontuan izan gabe, afizioaren berotasuna da; «hauek sortzen duten giroa izugarria da».