Dani Llopis
Hirugarren urtez jarraian Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala jokatuko du bihar Hernanik Donostiaren aurka, Atano IIIean, 10:30etatik aurrera. Hernaniko pelotariak ilusioz beterik daude eta txapela Hernanira ekarriko dutenaren konbentzimentu osoa dute. Azken urteetan ohiko protagonista bihurtu da Hernani Herriarteko Txapelketako finaletan. 1999 urtetik, 3 txapela eskuratu dituzte hernaniarrek eta beste 5 finaletan egon dira. Azken bi urteetan, porrotarekin bueltatu dira Hernaniko pelotariak Atano IIIetik, eta aurten eskura duten guztia emango dute aurreko finaletako emaitza ez errepikatzeko.
«Gogoarekin, eta ondo iritsi dira pelotariak finalera»
Josu Oiaga entrenatzailearen ustez, pelotariak gogoz daude egun haundirako: «ondo iritsi gara finalera, bai lesio aldetik, eta baita moral aldetik ere. Igandean ikusiko dugu zer gertatzen den; pelotariak zein tenplerekin ateratzen diren». Aurkaria ez da nolanahikoa izango. Donostiarrek etxean jokatuko dute, ezin hobeto ezagutzen duten Atano IIIa frontoian; eta txapelketan erakutsi dute zer nolako gauzak egiteko gai diren: finalerdietan, Azkoitian 3-0 galdu ostean, Atano IIIean kanporaketari buelta ematea lortu zuten. «Donostiarrak moralez altu iritsiko dira. Hala ere, Azkoitiako 3-0 hori emaitza tranpa izan zen. Azkoitiako frontoia bete egin zen, eta han presio asko sartzen dute zaletuek. Donostiarrek hiru partiduak juxtu-juxtu galdu zituzten, eta niretzako, bueltako partiduan emaitzari buelta ematea ez zen horrenbesterainoko sorpresa izan», dio Oiagak, Hernaniko pelotarien prestatzaileak.
Altuna anaiek Donostiako aurrelaria anulatzea helburu, kadeteetan
Egoitz eta Josu Altuna anaiek ez dituzte aurkari errazak izango kadete mailan. Chiapuso eta Aranguren donostiarrei aurre egin beharko diete, eta Josu Oiagak Chiapuso aurrelaria nabarmendu du: «Donostiako aurrelaria oso pelotari ausarta da, eta finalerako, oso garrantzitsua da hori». Bere ustez, kadeteetako puntua irabazteko garrantzitsua izango da partidua luzatzea, eta jokoa atzeko koadroetan kargatzea; hala, Chiapusoren jokoa saihestuko baitute. Altuna anaiak oso momentu onean iritsi dira finalera eta bikote oso borrokalaria osatzen dute. Partidu bakarra galdu dute aurtengo Herriartekoan anai bikiek, eta donostiarrek kadeteetako puntua irabazi nahi badute, ederki sufritu beharko dute.
Jubeniletan, Lujanbio eta Murgiondok bi aurrelariren kontra jokatuko dute
Eneko Lujanbio eta Aritz Murgiondok, Cristobal eta Manzisidor izango dituzte aurrez aurre. Bi pelotari donostiarrak aurrelariak dira, ez oso jotzaileak, baina oso pelotari seguruak. Oiagaren ustez, Hernaniko pelotariak indartsuagoak dira. «Murgiondo, beraien atzelaria baino indartsuagoa da, eta Lujanbiok ere, maila ona du». Rufino Rekalde delegatuak argi du jubeniletako puntua eskuratzeko bidea: «atzelariarengan kargatu behar du Hernanik partiduaren pisua, lehertu arte, pazientzia haundiz eta gehiegi arriskatu gabe».
Afizionatuetan, Ojuel eta Gorrotxategik bere mailarik onena erakutsi beharko dute
Afizionatu mailan, Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategi faborito izango dira azken partiduan. Euskal Herriko txapeldunak dira, eta hori erakutsi beharko dute Baez eta Fernandezi irabazteko. Baez aurrelari arriskutsua da eta Fernandez akats gutxi egiten dituen atzelaria. Nahiz eta hernaniarrek maila oso ona izan, kostako zaie puntua irabaztea. Oiaga entrenatzaileak eta Rekalde delegatuak final irekia aurreikusten dute. Lehiatuko diren pelotariak maila beretsukoak dira eta edozer gauza gertatu daiteke bihar. «Finala oso irekia ikusten dut. Kadeetan gertatzen denak markatuko du finala. Hor gertatzen denaren arabera izango dira nerbio eta tentsioak, alde batean edo bestean, beste mailatako partiduetan», dio Oiagak.
Sarrera lortu ez dutenek Atano IIIean bertan izango dute salgai, bihar
Rufino Rekalde delegatua pozik dago sarrerak erritmo oso onean saldu direlako. Rekaldek deia egin die hernaniarrei Amarako frontoira hurbildu daitezen, pelotari hernaniarrak animatzera. Sarrera ez dutenek Atano IIIean bertan erosi ahal izango dute, bihar goizean. yy