Artearekiko egitura falta da Euskal Herrian

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 21a, 01:00

IÑIGO GOÑI IRADI

Bekak  emango ditu Herna­ni­ko Udalak, kaleetan arte plastikoek duten presen­tzia areago­tzeko. Dirulaguntzak, pintura, eskultura edo argazkiak erabiliz, kalean arte plastikoen presentzia haunditzen duten artistei dago zuzendua, eta pasa den urtarrilaren 15era arte egin zitezkeen eskaerak.
Horretarako, 8.000 euro bideratuko ditu, eta proiektu bakoitzari, gehienez, 6.000 euro emango dizkio. Pintura, eskultura edo argazkiak erabili daitezke, eta euskeraz edo elebitan aurkeztu beharko dira lanak.
Eskatzaile bakoitzak, pro­iek­tu bat baino gehiago aurkeztu ahal izan du, baina gehie­nez, bakarrerako emango zaio laguntza. Orain Udale­txe­ko teknikariak lanak aztertzen hasiko dira eta irabazleak edo lan sarituak zein edo zeintzuk izango diren jakitea falta da.

Lanbidearen egoera, txarra
Hernaniko artista desberdinek, laguntza hauen onurak azpimarratu dituzte, baina sorkuntzan lanean ari direnek, lanbidearen egoera txarra na­bar­mendu dute.
Euskal He­rrian eskulturgile, margolari, ilustratzaile edo argazkilari lanetan, edota sorkuntzan ari direnek, hutsunea nabaritzen dute gizartearen interesaren eta beraien lanaren artean. Jendeak gero eta gutxiago kontsumitzen omen du artea, eta azken urteetan beherakada nabaria gertatu da, artearen salerosketan eta jardunean.
Nagore Legarreta, Aitor Ruiz de Eguino, Ainara Azpiazu Axpi eta Peio Goello artista hernaniarrek, beraien azaletan bizi dituzte ogibidearen nondik norakoak, bai onerako eta baita txarrerako ere. Laguntza hauek positiboki baloratzen dituzte, nahiz eta zalantzak ere badituzten; esaterako, etorkizunean zer pauso emango diren artea bultzatzeko eta kalera iristeko.
 

AITOR RUIZ DE EGUINO

«Krisiak artisten baldintzak ere okertu egin ditu»

Ibilbide luzeko  eskulturgile eta margolaria da Aitor Ruiz de Eguino. Esperientzia zabala dauka, eta artisten mundua ederki ezagutzen du, eta baita eduki duen bilakaera ere, azken bi-hiru hamarkadetan. Berak faltan botatzen du, sorkuntzarako egitura bat egotea: «laguntzak ongi daude, nahiz gutxi izan, baina ga­rran­tzitsua da politika bat edu­kitzea. Artisten lana po­ten­tziatzeko eta balorean jar­tzeko egitura bat sortzea litzateke egokiena. Aurten Herna­nin martxan ipini den asmoa edo ekimena, urtero egingo den edo ez jakitea ongi legoke», azaldu du.
Autonomo bezala ari da momentu honetan lanean Ruiz de Eguino: «jende askok uste du sorkuntzan ari geranean denbora pasan edo ongi pasatzen ari garela. Ez da konsziente zenbat ordu pasa­tzen ditugun lan bat aurkeztu aurretik. Lan artistiko horren atzean, lan pila bat dago. Horrek ere bere balioa du».
Krisiak ere bereak eta bi egin ditu; sorkuntzan baino gehiago, ogibidetik bizitzeko ahaleginean: «asko nabaritu zen 2008an eta ondorengo urteetan. Erosteko joera zeharo aldatu zen. 90eko hamarkadan eta mende hasieran, Iparraldean esaterako, asko saltzen zen. Orain beheran­tzako joerak jarraitzen du. Hemen gutxi saltzen zen, eta orain ia ezerrez. Iparraldean asko saltzen zen, eta orain gutxiago. Nik trofeo artistikoetatik lortu ditut diru sarrerak, eta jarraitzeko balio izan dit».

Teknologia berriek, aldaketa
Beste aldaketa nabaria, Ruiz de Eguinoren esanetan, interneten garaia eta teknologia berrien garapena izan da: «gaur egun mobilarekin edozeinek argazkiak egiten ditu; erosteko joerak ere aldatu dituzte teknologia berriek». Nahiz eta zailtasunak areagotu, buru belarri dabil bere lanean: «nire aldetik mugi­tzen naiz. Galerietan ez da saltzen eta email bidez nabil lanean proposamenak bidal­tzen, pelikuletan lanean…. Pentsa nola dagoen ogibidea, Zumeta eta Koldobika Jauregi bezalako artistak lan gutxiagorekin dabiltzala».


AINARA AZPIAZU 'AXPI'

«Irudiak informatzeko potentzialitate haundia du»

Marrazkilaria, komikigilea eta ilustratzailea da Ainara Azpiazu Axpi. Egoki ikusten du Hernaniko Udalak aurrera atera duen dirulaguntza, bai­na argi dauka, ogibideak bizirauteko, ezin duela instituzioetatik datozen lehiaketetatik bizi: «ongi etorriak izaten dira laguntza hauek, nahiz eta zalantzak sortzen dituzten. Euskal Herrian ez gaude baloratuta. Garrantzitsua da iniziatiba hauek martxan jartzea, eta hasieran asko laguntzen dute, motibazioa sortzen dute. Hala ere, diru sarrerak edukitzeko, premio edo sari asko behar dira. La­gungarri bai, baina ezin dira inolaz ere ogibidearen zentru izan», dio Axpik.
Bere esanetan, lehiaketa hauetan ematen diren lagun­tzak, bi hilabeteko lanaren laguntza suposatzen dute: «noski, hobe da hori, ezer ere ez baino».
Proiektu desberdinetan da­bil ilustratzaile hernaniarra: «zorionez, bizi naiz nire ogibidetik. Hori bai, ahalegina haundia da». Argi dauka, Euskal Herrian ez dagoela kultura bisualik: «nik kanpoan ikasi behar izan nuen, eta hemendik bizirauteko kanpora joan behar da. Informa­tze­ko, adierazteko, komunika­tzeko, kultura bisualak izugarrizko potentzialitatea du, eta Euskal Herrian, aldiz, baztertuta dago, edo behintzat ez horretara zuzendua. Garran­tzi gutxi ematen zaio, eta gehienetan umeei zuzenduta edo lotuta dago apaingarri gisa. Eta komunikatzeko tresna potente bat dela ez gara jakitun. Ez zaio ematen behar duen pisua», uste du.
Europako beste leku ba­tzuetan, gauza gehiago egiten dira, Axpik dioenez: «Bartze­lonan edo Italian, pisu haundia du, esaterako. Frantzian, komikiak zer esanik ez, erakarpen izugarria du, baita literatura mailan ere. Euskal Herrian lan haundia dago oraindik egiteko, ez baikara konturatu irudiak informa­tzeko zer indar duen».
 

PEIO GOELLO

«Jendeak ez dauka arte lanak erosteko ohiturarik»

Ideia ona iruditzen zaio, Peio Goello margolariari, Udalak izan duen ekimena: «nik denbora gutxi daukat. Ekimena ona da artea kalera ateratzeko.  Hori bai, kontutan hartu behar da, adibidez, mural bat egin nahi baldin bada andamioak, segurtasun betebeharrak eta abarrek segituan xahutzen dutela laguntza bera. Aur­kez­tu diren lanak, pentsa­tzen dut gauza apalagoak izango direla, jende gehiagok laguntza jaso ahal izateko. Egia esan, ez dakit zenbat jende aurkeztu den».
Goellok ongi ezagutzen ditu herriko artista ia denak, denak ez esatearren: «ezagutzen dut jendea, artea egiten ari dena diru sarrerarik gabe. Beste batzuk, ongi ari dira lanean alde horretatik. Ez da batere erraza, lan artistikoetatik bizitzea. Ni klaseetatik bizi naiz, baina artea egitetik bizi nahi duenak, lan zaila dauka».
Hernanik, «artista asko, oparoak eta onak» dituela deritzo Peio Goellok: «artista oso onak dauzkagu herrian. Baloratuata daude, eta hala ere, jendeak ez dauka artea erosteko kulturarik. Erakus­ketak egiten dira, jendeak erantzuten du, eta ezertxo ere erosi gabe joaten da».

«Oso artista onak», Hernaniko tailerretan
Hernanin antolatzen diren tailerretan, oso artista onak daudela dio Goellok: «argazkigintzan ere, artista zoragarriak ditugu, ilustrazioan, margogintzan, eskulturan... arlo desberdinetan. Hala ere, diru sarrerarik gabe eta denborarik gabe, zailtasunak areagotu egiten dira».


NAGORE LEGARRETA

«Argazki esperimentalean mugimendu gutxi dago hemen»

Oso positibotzat jotzen du Nagore Legarreta argazkilariak, Udaletik martxan jarri duten ekimena: «Agurtzane Aizpuru teknikaria lan ona egiten ari da, bizigarritasuna eta erraztasunak areagotuz».
Argazki esperimentalean aritzen da Legarreta, eta orain Urumea ibaiaren inguruan proiektu batekin dabil lanean jo eta ke: «kriston lana da, lau pieza dituena. Ura eta metala uztartzen ditu, eta gustora nabil lana garatzen, eskuartean dudanarekin. Ea forma ematen diodan aurten eta 2018 urterako aurkezterik daukadan...».
Artista guztiak bezala, Eus­kal Herrian bere zereginean mugimendu gutxi dagoela dio: «argazki esperimentalaren inguruan, zirkuitu txikia dago. Oso jende gutxi dabil, baina gabiltzanok elkarri asko laguntzen diogu. Ni, zorionez, beste sortzaileez inguratuta bizi naiz, eta mundu horretan mugitzen gara. Alde horretatik, babestuta sentitzen gara. Pretensio haundirik gabe».

«Hartzaile gutxi dauzkagu»
Photo España saria irabazi zuen Legarretak: «Espainia mailan, argazkilaritza esperimentalaren barruan dagoen saririk garrantzitsuena da, eta horrek asko laguntzen du. Hala ere, zoritxarrez, nire arloaren barnean hartzaile gutxien dituena da. Baina gustora gabiltza».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!