On Bosko egunaren bueltan zita, korrikalari hernaniarrek ere

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 21a, 01:00

Ez da Hernanin izango, baina zita seinalatua da korrikalari hernaniarren egutegian: bi aste barru, otsailaren 5ean, jokatuko da On Bosko Krosa­ren hirugarren edizioa, goize­ko 11:00etan, Urnietan.
Eta seinalatua da, herrian izan gabe ere, partehartzai­le­en gehiengoa direlako herna­niarrak; aurreko urtean, bu­katu zuten 143etatik, 30 ziren herrikoak. Baita bi irabazleak ere! Andoni Olazagirre nagu­si­tu zen mutiletan, eta Mai­ta­ne Guerrero nesketan. Biek lortu zuten, gainera, laster­ketaren errekorra botatzea: 23 minutu eta 31 segundutan egin zuen Olazagirrek, eta 26 minutu eta 56 segundutan Guerrerok.
Aur­ten ere ekarriko dituz­te txa­pelak, hernaniarrek? Eta lortuko al dute errekorra botatzea?

Aurreko urtean, 30 hernaniarrek hartu zuten parte, eta bi garaipenak ere ekarri zituzten Hernanira.

Ibilbidea, 7 kilometrokoa
Orain bi urte antolatu zuten lasterketa aurrenekoz, On Bos­ko egunaren bueltan, Sa­le­­siarren ikastetxearen 50ga­rren urteurrena ospatzeko.
Eta aurreneko edizio ho­rretan bezala, 7 kilometroko ibilbidea izango du laster­ke­tak, aurten ere. Ikastetxetik abiatu, eta Urnietako kalee­tan barrena ibiliko dira ko­rri­kalariak, Salesiarren ikaste­txera bueltatzeko, bertan egon­go baita helmuga. Bu­ka­era, beraz, aldapa gora egingo dute... indarrak gorde behar!

Izenematea, zabalik
Proban parte hartzeko, dago­e­neko zabalik dago ize­ne­ma­tea, www.herrikrosa.eus web orrian, edo ikastetxeko idaz­ka­ritzan. 10 euro dira, eta izena ematearekin batera, kami­xe­ta bana emango dute opari.
Egunean bertan ere izan­go da apuntatzeko aukera... tokirik geratzen bada. Izan ere, 150 partehartzailera mu­ga­tu dute izenematea aurten. Dorsalik geratzekotan, irteera gunean egongo da aukera, goizeko 09:30etatik 10:30etara; 15 euro izango dira.
Aurreneko hiru neska-mutilek jasoko dute saria, eta baita ikastetxeko aurreneko ikasleak ere. Baina gainera­koak ez dira esku hutsik joango! Makina bat opari zoz­ketatuko dituzte, partehar­tzai­le guztien artean: otor­du­ak, haragia, ardoa... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!