Pasa den asteburuan bukatu da Bio Racer Pista Saria txapelketa, eta astigartarrek sorpresa ederrak eman dituzte. Juniorretan, espero moduan, Urko Semperenak lortu zuen ordura arteko sailkapen probetako maila onari eustea, eta hirugarren postuan bukatu zuen txapelketa. Kadeteetan, ordea, Telmo Semperenak eman zuen sorpresa; liderrak 11 puntu ateratzen bazizkion ere, garaipena lortu zuen astigartarrak.
Behin pista txapelketa hau bukatuta, Gipuzkoako bakarkako Txapelketa jokatuko dute gaur, goiz eta arratsalde, txirrindulari astigartarrek: Jaime Romero eta Telmo Semperenak kadeteetan, eta Tomas Otermin eta Urko Semperenak juniorretan.
Talde lana, ezinbestekoa
Kadeteetan Telmo Semperenak ikaragarrizko garaipena lortu zuen, baina ez zen bakarkako garaipena izan, talde lana garrantzitsua izaten baita.
Txapelketako zortzigarren eta azken jardunaldi honen hasieran, liderrak, Julen Dorronsorok, 11 puntuko aldea ateratzen zion astigartarrari. Hala ere, indartsu hasi zen Semperena, eta taldearen prestaketa lanari esker, erasora jo zuen aurreneko proban. Bi sprint irabazi ondoren, eta jakinik irabazitako puntu horiekin aurreneko hiruen artean sailkatuko zela, indarrak gorde zituen, hurrengo probarako.
Puntuazioko atalean, taldekideek berirro ere lan ederra egin zuten, pelotoia xaxatuz. Berehala, Jaime Romerok lagunduta, erasora jo zuen Semperenak, eta atzean utzi zuen liderra. Azkenean, arerio frantsesa izan zen puntukako proba irabazi zuena, eta sailkapen orokorreko hirugarren postua lortu zuen, Gaztela eta Leongo txirrindularia atzean utzita. Telmo Semperenak laugarren egin zuen, eta sailkapen orokorrerako beste 7 puntuak gehituta, aurreneko postua lortu zuen, sei puntuko aldearekin.
Bestalde, Jaime Romerok ere lan bikaina egin zuen; Semperenari laguntzeaz gain, denbora proban 15garren egin zuen, eta 6garren, puntukakoan. Horrela, bost puntu lortu zituen sailkapen orokorrerako, eta 13garren bukatu zuen. Gipuzkoarren artean, berriz, 8garrena izan zen, eta aurreneko urteko partehartzaileen arten, bigarrena.
Juniorretan, ezustekorik ez
Sailkapen orokorrean aldaketarik ez zen izan, juniorren kasuan, eta ordura arteko postuak mantendu zituzten, aurreneko hirurek; tartean, Urko Semperena astigartarrak, hi-rugarren bukatu baitzuen.
Scracht proban hirugarren egin zuen Semperenak. Gehiegizko konfidantzarik gabe, baina oraindik lasai, bigarren probari ekin zion, puntukakoari. Erasoari jo zion Azparrenekin batean, baina aurreneko postua utzi zion tarteko esprintetan, ihesaldian laguntzearen truke. Tartekako lau esprintetan elkarlanean aritu ondoren, Azparrenek eraso egin zion. Semperenak, ordea, erantzun eta irabazi egin zuen bosgarren esprinta, eta bost puntu gehiago lortu zituen. Ondoren, berriro ere taldearekin bat egitean, erasoaldiak areagotu egin ziren; Azparrenek irabazi zuen azkenean, puntukako proba, eta atzean geratutako pelotoiak egin zuen azken esprinta, Semperenarentzako izan zen; erraz nagusitu zen, denen artean.
Horrela, hirugarren postuan bukatu zuen Bio Racer Saria txapelketa.
Gipuzkoako Txapelketan gaur, lau astigartar
Pistako Bio Racer Txapelketa garrantzitsuak utzitako zapore gozoaren ondoren, indarrez ekingo diote gaur txirrindulariek, Gipuzkoako bakarkako Txapelketari.
Kadete, junior eta open mailetan jokatuko da, eta bakoitzean, aurreneko 25en artean sailkatutako txirrindulariek hartuko dute parte; astigartarren artean, denek: kadeteetan Jaime Romerok eta Telmo Semperenak, eta juniorretan, Tomas Oterminek eta Urko Semperenak.
Goizeko 10:30etan hasita, scracht eta tempo probak egin beharko dituzte. Arratsaldeko 16:00etan, berriz, kanporatze eta puntukakoa.