Telesail gehiegi ekoizten dira, Aitor Caracciolo hernaniarraren ustetan. «Urtean 200-300 inguru. Eta horiei gehitzen badiezu aurretik jarraitzen dituzunak...». Horrela bihurtu da telesail adi(k)tu!
Telesailetan aditua zara; Euskadi Gaztean ere ematen dituzu gomendioak. Nolatan?
Afizio bezala hasi zen kontua. Unibertsitatean friki koadrila bat elkartu ginen: egun komikilaria den komiki zalea, irakurle sutsua, telesail zalea... Ni zine zalea naiz. Baina elkarrengandik ikasi genuen. Egunero jarraitzeko modukoak dira telesailak, eta hobby bihurtu zen. Gero, pixkanaka taldea haunditu, jende gehiago ezagutu... Eta Gaztean Jon Gotzonen papera egiten duen hernaniarra ezagutu nuen. Telesail aditu naizela diote, baina esaten diet gehiago daukadala adiktutik!
Euskerazko eskaintzarik ba al dago, telesailen artean?
Badago, baina oso gutxi. Erreferentzia bakarra Goenkale bada, esan nahi du oso gutxi ekoizten dela. Go!azen fuerte dabil orain gazteen artean, sare sozialei-eta, esker. Baina 30 urte ingurukoentzat, target haundiena izanik, ez dago. Estatu Batuetan eta Ingalaterran, adibidez, kanpaina haundia egiten da, horiek direlako telebista gehien ikusten dutenak. Hemen ekoizpen falta haundia dago, baina inork ez du inbertitu nahi. Goenkaleren ondoren, adibidez, Pilotari telesailak izan zuen arrakasta, baina ez zen inbertitu.
Kanpora jo behar, orduan... Nora, zure kasuan?
Orain urte batzuk falta haundia zegoen eta... Partxea jarri eta piraterian ibili ginen... Hemengo kateek erosten zituzten kanpoko produkzioak, baina motel eramaten zituzten telebistara. Internetek aurrera egin du, eta nahi duguna da, AEBn ikusten dena, hemen ikusi. Piratok daukagu kulpa horretan. Momentuan nahi dugu dena. Horregatik, internet da gure tresna faboritoa.
Azken bi urtetan, berriz, ordainpeko zerbitzuak zabaldu dira. Netflix, HBO edo Amazon mundu mailan fuerte dabiltza, eta iaz zabaldu ziren guregana ere. Daukaten onena da, merkeak direla. Garai batean Canal+ bakarrik genuen; oraingoek, hilean 8 euro baino guxiago balio dute. Arazoa da hemen oraindik ez dutela indar haundirik, pirateriaren kontrako legea ahula delako. Baina mentalitate aldaketa ekarri dute; gazteok nahi duguna ikusi nahi dugu, nahi dugunean.
«Netflix, HBO edo Amazonek mentalitate aldaketa ekarri dute; gazteok nahi duguna ikusi nahi dugu, nahi dugunean»
Urrezko Globoak Sariak jarraituko zenituen. Gustora geratu zara, emaitzarekin?
Askotan kritikoek saritzen duten hori ez du berdin jasotzen publikoak, eta kejak izaten dira. Baina aurten ez. The Crown, Atlanta eta American crime story saritu dituzte, eta aktoreetan ere, espero zirenak saritu dituzte. Agian The Crown ez da publikora iritsi. Eta nik nahiago dut Westworld. Baina sari hauek aukera ematen dute ezagutzen ez duzun hori ezagutzeko. Jendeak nahi izaten du azkar kontsumitzeko telesailen bat, baina agian, ahalegina egin behar genuke, bestelakoak ezagutzeko.
Eta aurten, zerk izango du arrakasta? Estreinaldiren baten esperoan zaude?
Game of Thrones eta Halt and Catch fire telesailen itzulerak izugarriak izatea espero da. Stranger things ere udaran bueltatuko da. Eta Twin Peaks, 90eko hamarkadan ospetsu egin zena, 25 urte eta gero berriro hasiko da, orduko aktoreek kapitulu batean aipatu bezala! Bestalde, hasi berri den Taboo ere, oso fuerte hasi da, eta nere frikismoari jarraituz, American Gods liburuan oinarritutako telesaila ikusteko irrikaz nago!