San Sebastian eguna da bihar, Donostiako egun haundia. Eta hiriburuarekin daukan gertutasun horregatik, Hernanin ere izango du eragina. Arratsaldean entzungo dira aurrenekoz danbor hotsak, eta gauean, autobus-zerbitzu berezia izango da Donostiara joan nahi duenarentzat.
Urumea ikastola, bakarra
Aurten besteetan baino danbor hots gutxiago izango dira herrian, Urumea ikastola izango baita danborrada egingo duen bakarra. Hain zuzen, arratsaldeko 15:30etan astinduko dituzte makilak ikastolako haur, gazte zein irakasleek. Gay Murreko patioan izango da hori, eta besteak beste, San Sebastian Martxa, Iriyarena edo Diana entzun ahal izango dira.
Zerbitzu berezia, Lurraldebusek
Bestalde, Donostiara joan nahi duenarentzat, autobus-zerbitzua luzatu egin du Lurraldebusek gaur eta bihar gauerako.
Ohi bezala, Garayar eta Hasak eskainiko dute zerbitzua Hernani eta Donostia artean mugitzeko, G4 eta A1 autobus-linien bitartez.
Horrela bada, G4a 30 minuturo aterako da bi norabideetan: Urnietatik 22:30etatik 06:00etara bitartean, eta Donostiatik 23:00etatik 06:30etara.
A1a, aldiz, orduro aterako da, bai Hernanitik, baita Donostiatik ere.
Gaueko zerbitzua, bihar ere bai
Bihar, San Sebastian Egunean ere, gaueko zerbitzua eskainiko dute bi enpresek. A1ak ohiko zerbitzua mantenduko dute, G4, aldiz, 02:30ak arte izango da, orduerdiro.