Astigarragan ere entzungo dira danbor hotsak, San Sebastian egunaren aitzakian; Herri Eskolako ikasleek astinduko dituzte, gogotik.
Baina San Sebastian eguna, hilaren 20a, jai egingo dute ikasle eta irakasleek, eta beraz, bihar joko dituzte San Sebastian martxa eta Sarriegiren gainontzeko doinuak.
Hiru urtetik gorako ikasleak, danborradan
Eskolako patiora aterako dira ikasleak, danborrada egiteko. Bihar arratsaldeko 16:00etan jarri dute hitzordua, eta ia ikasle guztiak aterako dira burrunba pixka bat egitera; hiru urtetik gorako ikasle guztiak, hain zuzen ere.
Eguraldi txarrarekin, kiroldegian
Elkartzeko lekua eskolako patioan jarri badute ere, Astigarragako Herri Eskolak jakinarazi du eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian egingo dutela danborrada.
Hala ere, badirudi lainoak festaren eztandaren beldur direla; hotza iragarrita dago, azken egun hauetan bezala, baina ez dirudi euririk egingo duenik.
Eta San Sebastian bezperako danborradarekin nahikoa ez duenak, 24 ordu gehiago izango ditu, Donostian, danbor gehiago entzuteko!