Aldaketak izan dira duela gutxi zoru klausulen dirua berreskuratzeko baldintzetan, eta horien berri emateko, hitzaldia antolatu du Hernaniko Kaleratzeak Stop taldeak gaurko. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Biteri kultur etxean.
Gaiari heldu eta herritarrak informatzeko, hiru aditu gonbidatu ditu Kaleratzeak Stop taldeak: Pedro Pelaz eta Enrique Astiazaran abokatuak, eta Mertxe Garcia ekonomilaria.
Gaiari eustea, helburu
Pedro Pelaz abokatu hernaniarrak azaldu duenez: «gehiengoak badaki zoru klausula zer den, beraz, gaiari jarraipena egitea da helburua, eta jendeari gogoraraztea erreklamatzeko aukera duela».
Izan ere, Pelazek jakinarazi du azkeneko hilabetean aldaketak egon direla: «atzeraeragina 2013ko maiatzean ezarri zuten Espainiako Tribunalek, baina Espainiako legeek bat ez zetozenez, Europan jarri zen errekurtsoa; orain, Europar Batasuneko epaileek abenduaren 21eko sententzian diote kontratuaren hasieratik egin behar dela itzultzea».
Hori kontuan hartuta, hitzaldian azalduko dute nola atzeman eskrituretan zoru klausula dagoen, zergatik den gehiegizkoa... eta batez ere, espero dute «jendeak parte-hartzea», eta «argi edukitzea erreklamatu daitekeela».