Atez Atekoa kendu eta lehenengo edukiontziak jarri zirenetik, herriko bizilagunek nahi adina aldiz bota ditzakete ontzi arinak eta papera, «edozein egunetan eta ordutegian». Halaxe gogorarazi du Udalak berak. Baina era berean, kezkatuta agertu da «edukiontzi horien ondoan agertzen ari diren zabor multzoak direla-eta».
Hori horrela, Udalak jakinarazi du pegatinak jarriko dituela ontzi arinetarako edukiontzi horietan, «hiri hondakinak edukiontzietan sartu behar direla adierazteko, eta ez lurrean utzi, orain arte gertatzen ari den bezala».
«Gizatasunera deia»
Hain zuzen, ontzi arinak eta papera nahi adina aldiz bota daitezkeenez, Udalak azaldu du «ez dagoela aitzakiarik, edukiontzietako zuloetatik sartzen ez diren poltsa haundiegietan hondakinak pilatzeko».
Horri aurre egiteko, «Udal taldeak gizatasunera deitu nahi ditu herriar guztiak, eta, aldi berean, gomendatzen die poltsa txikiagoak erabiltzea edo, bestela, poltsen edukia botatzea edukionziaren barruan».
Era berean, azpimarratu nahi izan dute «Astigarraga garbi mantentzea astigartar eta bizilagun guztien ardura dela, eta horretarako, gehiengoak erabaki zuen hiri hondakinak biltzeko edukiontzen bidezko sistema berria errespetatzea ezinbestekoa dela».
Honekin guztiarekin, za-bor pilaketa horiekin bukatzea espero du Udalak.