Alertan laranja emana zegoen gaur eguerdia bitartean, euriteengatik. Joan den asteartetik 300 litro jaso ditu Añarbeko urtegiak metro karratuko, eta hori ere antzeman da Urumearen ur mailan. Azken asteetako lehortea atzean utzi, eta urez gainezka dator Urumea gaur goizaldetik hainbat puntutan. Ura atera egin da Fagollagako eta Ereñotzuko bazterretan; eta gauza bera gertatu da Hernaniko punturik baxuenetan: Landare errugbi zelaia urez lepo dago egunak argitu duenetik; eta gauza bera gertatu da Zubipe futbol zelaian ere. Florida eta poligonoa batzen dituen tren azpiko zubia ere, aurrenetarikoa izaten da urak hartzen; kotxe eta oinezkoentzako bidea itxita dago bertan. Astigarragan Ergobia parean izan dira kalteak; inguruko baratzeetara atera da ura.
Luizia bidea oztopatzen, Lidi-Elorrabi artean
Eguerdiko 14:00ak aldera, berriz, luizia izan da Loidi-Elorrabi bidean, Andoni Pikabea udaltzainburuak Kronikari jakinarazi dionez. Errepidera eroritako materialak bidea oztopatzen du, baina Udala ari da, dagoeneko, bidea garbitzen. Bestalde, Orbegozoko zubian ere urak ekarritako hainbat material pilatu dela jakinarazi du Ura Agentziak, eta kamioi bat ekartzekoak dira, zubitik bertatik garbiketa egin ahal izateko.
Añarbeko urtegiak itxita jarraitzen du
Añarbek gaur goizean egindako azken adierazpenean azaldu duen moduan, ateak itxita mantendu ditu, ur emari osoari eutsiz. Datuei erreparatuz gero, azaldu dute atzo 84 litro jaso zituztela metro karratuko, urtegian. Euriak ez du atsedenik eman gauerditik aurrera ere, eta esan dutenez, goiza bitartean beste 26,8 litro jaso dituzte, metro karratuko. Asteartetik hona, guztira,300 litro jaso dituzte metro karratuko.
Azpimarratu nahi izan dute urtegiak normaltasun osoz jarraitzen duela: «ura husteko bide guztiek itxita jarraitzen dute . Biltegiratutako ur bolumena asko eta azkar igo da, hala ere, urtegiak oraindik badu lekua, eta beraz, itxita jarraituko du». Euskalmetek ere honen berri eman du goizean zehar, eta azaldu dutenez, urtegiaren estazio maila horira jaitsi da.
Bestalde, gogoratu dute garrantzitsua izan daitekeen edozein nobedaderen inguruan informatzen jarraituko.
Abisu horia bihar eta etzi, izotzagatik
Orduek aurrera egin ahala ateratzera egingo badu ere, eguraldiak ez du atsedenik emango. Euskalmeten iragarpenaren arabera, hotza izango da hizpide datozen egunetan. Bihar eta etzirako alerta horia eman dute izotzagatik