Sute haundia izan zen atzo, Goizuetan. Eguerdiko ordu biak baino lehen, 13:50ak aldera, piztu zen sua, Plazako bi etxeren arteko trasteroan, bigarren solairuan. Baina suhiltzaileei abixatu zietenerako, denbora asko igaro zen, eta kalte larriak eragin zituen.
Horrela, trasteroa eta teilatua erre ziren, eta baita ganbara erdia ere. Baina kaltetuena, ondoko etxea izan zen, sua bertara pasa baitzen: guztiz erreta dauzka teilatua eta hirugarren solairua. Zorionez, zauriturik ez zen izan.
Goizuetako 10 suhiltzailerekin batera, aritu ziren Iruñakoak eta Donostiako batzuk, eta 18:30ak aldera eman zuten itzalitzat sutea.